Uarkapeko gimnasio berria zabalduko da datorren astean
2017/09/01Azken urteetan Uarkape frontoiko jatetxea aurrera ateratzeko saiakera desberdinek huts egin ondoren, espazio horri kirol erabilera ematearen aldeko apostua egitea erabaki zuen Udalak eta aukera desberdinak landu ondoren, bertan gimnasio bat jartzea erabaki zuen.
Horrela, urte hasieratik jatetxea zegoen tokia egokitzeko lanak burutu eta zerbitzua emateko beharrezko kontratazio desberdinak egin ondoren, astelehenean ateak zabaltzeko prest dago Uarkapeko gimnasio berria.
Ate irekiak irailaren 4an eta 5ean
Uarkapeko gimnasioa erabiltzeko aukera izango dute kiroldegiko abonua edo plus abonua duten bazkideek, baina, aurrez txartela aktibatzeko eskatu beharko dute Musakola kiroldegian.
Hala ere, bazkide izan edo ez izan, irailaren 4an eta 5ean gimnasioa doan erabiltzeko aukera izango du nahi duenak, ate irekiak antolatu baititu Kirol Sailak. Goizetan ordu beteko txandak eta arratsaldeetan 45 minutukoak antolatu dira ahalik eta herritar gehienei instalazio berriak frogatzeko aukera emateko. Zerbitzuaz modu egokian gozatu ahal izateko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Horretarako Musakola kiroldegira bertaratu edo deitu behar da (943 25 20 30) eta interesatzen den ordua aukeratu:
Irailak 4 astelehena 8:30-15:30 eta 16:30-21:00
Irailak 5 asteartea 6:30- 13:30 eta 15:30-20:00
Udalaren asmoa da ate irekien biharamunean bertan, funtzionamendu normalari ekitea Uarkapeko gimnasio berrian eta, beraz, irailaren 6tik aurrera Uarkapek ondorengo ordutegia izango du:
Astelehenetik ostiralera: 6:30-21:00
Larunbata: 9:00-14:00
Birmoldaketa honi esker, aipatzekoa da Uarkapek aurrerantzean ondorengo espazioak izango dituela: gimnasioa, boulderra, frontoia eta errebotilloak. Horrez gain, kirol ekintzei dagokionez, K-Strech eta hipopresiboak bertan eskaintzen jarraituko dira.
Uarkape eraikinak herrigunean daukan kokapena kontuan hartuz, ahalik eta probetxu handiena atera nahi dio Udalak eta hori dela eta, bertako eskaintza zabaltzeko lanean jarraitzeko asmoa dauka Kirol Sailak.