Uarkapeko 246 panel fotovoltaiko berriak energia berriztagarria sortzen hasi dira

2025/03/25
Card image cap
Trantsizio energetikorako urrats berri bat da, eta bertan sortutako energia udal eraikin ezberdinetan erabiliko da.

Uarkapeko frontoiko eraikinaren sabaian 246 panel fotovoltaiko jartzeko lanak amaitu ditu Arrasateko Udalak. Instalazio berri honek, 137,76 kW-ko eremu fotovoltaikoa sortzen du, “modu praktiko batean ulertzeko, instalazioak 140.000 kwh-ko ekoizpena emango duela kalkulatzen da, 46 etxebizitza inguruk kontsumitzen duten energia ekoizpena izango litzatekeena” adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.

Udal eraikinetarako energia iturri

Bertan sortzen den energia guztia Udal eraikinen kontsumora bideratuko da, batez ere Uarkape frontoira, eta inguruan dauden Azoka, Amaia Antzokia, Kulturate edo eta argiteria publikora. Hori posible egiteko, 180 mm azalera duten kableatua bideratu da Azokako hornidura puntura arte, eta bertatik zabalduko zaie energia aipatutako eraikin publikoei, gaur egun dagoeneko erabilgarri dagoen hornidura sistemaren bitartez.

Energia eredu jasangarria

Neurri honekin, Arrasateko Udalak “urrats berri bat” ematen du trantsizio energetikoan. “Ezinbestekoa dugu trantsizio energetikoan aurrera urratsak ematea, eta energetikoki jasangarriak diren sistemetara jauzi egiten jarraitzea. Uarkapeko plaka fotovoltaikoak jasangarritasunaren bidean kokatzen gaitu” adierazi du Urteagak.

 

Halaber, adierazi du, honelako esku hartzeak, “bestelako neurri eta erabakiekin batera” lotuta joan beharra dutela. Izan ere, aurrerantzean egingo diren azpiegitura guztiek “irizpide jasangarriak betetzea ezinbestekoa izango da”, energia kontsumo arduratsua eginez.

 

Lanak egiteko aurrekontua 110.924,12 eurokoa (BEZ barne) izan da, eta Iniciativas de Tecnología y Sostenibilidad SL enpresak burutu ditu.