Tourreko 2. etapa Arrasatetik igaroko da uztailaren 2an
2023/03/02Frantziako Tourra uztailaren 1ean hasiko da Bilbotik, eta egun bat geroago, uztailaren 2an, Arrasatera iritsiko da. Bigarren etapa Gasteizen hasi eta Donostian amaituko da, eta guztira 210 kilometroko ibilbidea izango du.
Lasterketaren ibilbidea: lasterketa Gesalibar auzotik sartuko da (etapako 58. kilometroan) eta Garagartza auzotik igarota Markuleteko biribilguneraino joango da. Aipatutako biribilgunetik Uribarri etorbidea zeharkatuz sartuko dira Udala plazako biribilguneraino. Gero, Zarugalde kalerantz egingo du eta Otalora Lizentziaduna kale osoa zeharkatuko du, Maalako biribilguneraino. Biribilgune hori igarota, Gipuzkoa etorbidetik zirkulatu eta GI627ra (Arrasateko saihesbidea) irtengo du, San Isidro baseliza ondotik igarota, Epeleko biribilgunera iritsi eta udalerritik Oñatirantz egiteko. Uste da txirrindulariak 10 minutuko tartean igaroko direla.
Lasterketa 13:45 aldera iritsiko da Arrasatera. Ibilbidea erabat itxita egongo da goizeko 09:55etik aurrera, 5 orduan. Beharrezkoa izango da ordu tarte horretan aparkatuta dauden ibilgailu guztiak kentzea, edukiontziak baztertzea, garbiketarako operatibo berezi bat ezartzea eta ibilbidea txirrindularien beharretara egokitzea.
Tourraren karabana igaroko da tropela iritsi baino ia ordu bi lehenago, eta helburu bakarra du: ikusleak animatzea ibilbidean zehar, ikuskizun eder batekin. Guztira, 160-170 ibilgailuk osatzen dute karabana, eta ilaran aurrera egiten dute munduko txirrindulari lasterketa ospetsueneko hainbat bazkide komertzial sustatzeko, ikusleei opariak emanez.
Udaletik nabarmendu dutenez, “munduko hirugarren kirol ekitaldirik mediatikoena da, eta 840 milioi ikuslerengana iritsi daiteke, 190 herrialdetan banatuta, eta Europan 190 milioi pertsona inguruk jarraitzen dute. Zuzeneko eragin ekonomikoa du igarotzen den ingurunean. Harro gaude horrelako ekitaldiak Arrasaten jasotzeaz, gure hiri ekonomian eta txirrindularitza kirolean hain errotuta dagoen gure zaletasunean duen eraginagatik”.