Takolo-Goiru proiektuari buruzko azalpenak Kulturateko areto nagusian
2014/04/02Joan zen urtarrilaren 10ean, Gipuzkoako Aldundiak eta Arrasateko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten, adierazten zuena diputazioak eskualdatzen ziola Udalari “GI-2620 Legutio - Arrasate, Aramaiotik” errepidearen zeharbide zaharra.
Momentu horretatik aurrera, Arrasateko Udalaren ardurapean geratu zen errepide zati hori zaintzea eta ustiatzea. Diputazioak 958.204 euro transferituko dizkigu bide-zatia egoera onean eskualdatzeko obligazioaren ordez eta, aurrez iragarri bezala, Takolo- Goiru proiektua gauzatuko dugu berton.
Erakusketa goizez eta arratsaldez
Hain zuzen, datorren apirilaren 7an eta 8an aurkeztuko diegu arrasatearrei Takolo-Goiru proiektua. Izan ere, Mugikortasunean hobetzen jarraitzeko, proiektu hau hain garrantzitsua izanik, pentsatzen dugu oso interesgarria dela arrasatear guztiek berau ezagutzea.
Xede horrekin, bi egun horietan Takolo-Goiruri buruzko erakusketa bat ezarriko dugu Kulturateko Areto Nagusian, herritarrek proiektua ikusi dezaten, honako ordutegian: 11:00-13:00 / 17:00-20:00
Proiektuaren azalpena 19:00etan
Horrez gain, proiektuaren inguruko azalpena emango dute Joxe Etxeberriak eta Juan Antonio Urdangarinek; hirigintzako zinegotzia eta hirigintzako arlo burua, hurrenez hurren. Azalpen dinamikoa izango da, hurbiltzen diren herritarrekin batera egingo dutena, erakusketarako paneletan zehar ibilbide bat eginez. Amaieran zabalduko da proiektuaren inguruko ekarpenak, galderak eta sentsazioak konpartitzeko tartea. Azalpen hau ere bi egunetan eskainiko da; apirilaren 7an eta 8an, 19:00etatik 20:00etara.