Arrasateko Udala spinning birtualeko zerbitzua eskaintzen hasi da Musakolako kiroldegian

2024/04/05
Card image cap
Eremu lehorreko bazkide direnek nahi dutenean erabili dezakete zerbitzua, eta egun osoan 45 minutuko klaseak eskainiko dira etengabe.

Abenduan kiroldegiko abonatuei gutun bidez jakinarazi ostean, martxan da dagoeneko Spinnging Birtualeko zerbitzua Musakolako kiroldegian. “Zerbitzu horrekin, erabiltzaileari ordutegi malgutasuna eskaini gura zaio; gura, ahal edo behar denean, aukera izan dezan saioa egiteko” adierazi dute udal ordezkariek.

Spining birtual zerbitzua zerbitzu irekia izango da, eta Musakolako gimnasioko kardio eremuan dago. Eremu lehorreko bazkide direnek nahi dutenean erabili dezakete zerbitzua. Ez du eskatzen izen ematerik. Erabiltzaileak saioak noiz hasten diren jakinda, bizikleta gainean jarri eta saioa jarraitu besterik ez du egin behar.

Ordutegiak eta maiztasunak

Pantailak, modu automatikoan, 45 minutuko saioak eskainiko ditu orduero. Saioak “eta erdietan” hasten dira eta egun osoan eskainiko dira. Aste barruan, goizeko 7:30ean lehenengoarekin hasi eta 20:30ean azkenarekin amaituko da. Asteburuetan, goizean, lehenengoa 9:30ean hasiko da eta azkena 12:30ean, eta arratsaldean, berriz, 16:30ean lehenengoa eta 18:30ean azkena.

Hizkuntzari dagokionez, euskaraz eta gazteleraz eskaintzen dira klase birtualak. Ordu bakoitietan euskaraz izango dira eta ordu bikoitietan gazteleraz. Gainera, saioak ez dira errepikatzen ordu eta egun berberetan; programa aldatzen doa, saio ezberdinak eskaintzeko.

Material berria Musakolako kiroldegian

Musakolako kiroldegiko eremu lehorrean ere, berriki, kirolerako material berria gehitu dute. Besteak beste, otsailean erositako muskulazio gunerako bi banku (947,67 €) eta haltera eta euskarriak (869,80 €), eta azaroan erositako korrika egiteko zinta makina (4.953 €), eliptika berria (3.717 €) eta bi ispilu (978,72 €).

Alabaina, Udaleko ordezkariek dei egin dute materiala zaintzeko, “guztion ardura da materiala egoki erabiltzea eta zaintzea. Erabilera eta zaintza egokiak bermatuko baitu guztiok kirol zerbitzu duinez disfrutatu ahal izatea”.

Kirol zerbitzu hobea eskaintzeko lanetan

Azken hilabeteetan hainbat berrikuntza izan dira kirol zerbitzuetan, esate baterako Uarkapeko gimnasioaren ordutegia eguerdian luzatzea eta Uarkapeko frontoiaren eraberritzea. Musakolakoan, berriz, datozen hilabeteetan abiatuko dituzte Mojategiko argiteriak berritu eta led sistemara igarotzeko lanak; eta udan atletismo pistaren eraberritze lanak egingo dira.

Erabilera arauen panel berria.JPG

Material berria1.JPG

Matrial berria2_2.jpg

Spinning birtuala1.JPG

Spinning birtuala2.JPG