Solasaldia: Haurdunaldi subrogatuen analisi feministak eta kuirrak

2024/10/22
Card image cap
Solaskideak: June Fernandez: “Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuen analisi feministak” liburuaren egilea eta kazetaria eta Borja Muñoz Arrastia (EHGAMeko kidea eta sexologoa). Urriaren 29an, martitzenean, 18:30ean, Kulturateko Areto Nagusian. Euskaraz

Erraza da “alokairuzko sabelen” kontrako jarrera morala izatea edota guraso izatea eskubide bat ez dela esatea, baina askoz zailagoa da haurdunaldi subrogatuen errealitate globalizatuari konponbide politiko egingarria aurkitzea.

Zein izan daiteke bidea emakumeen eta umeen eskubideak defendatzeko, gorputz autonomia errespetatzeko, ugalketa-merkatuen gosea frenatzeko, punitibismoaren lokatzetan ez erortzeko eta familia eredu alternatiboak sustatzeko?

Ertz horiei buruz solastuko gara, ’Aingeruak eta neskameak’ saiakeraren egilearen (June Fernández kazetaria) eta liburuko elkarrizketatu baten (Borja Muñoz Arrastia sexologo eta Ehgameko aktibista) eskutik.

Horrela aurkeztu du martitzenean izango dugun solasaldia June Fernandezek, liburuaren egileak. Haurdunaldi subrogatuen inguruko sakoneko hausnarketa egin eta iritzi, ikerketa eta tesi ezberdinen bilduma zabala jaso du liburuan . Horien ideia nagusiak azalduko ditu solasaldian eta analisi horietako ertz batzuk ere izango dute lekua bere solaskidearen eskutik: Ugalketa heteroarautua arrakalatzen du haurdunaldi subrogatuak ala indartu? Familia nuklearra arrakalatu ala betikotu? Atal horien inguruko hausnarketaren parte izan da solaskidea liburuan eta ertz horietan ere sakontzeko aukera izango da martitzeneko solasaldian.

Emakume Txokotik solasaldira hurbiltzera gonbidatu nahi zaituztegu!