Sarea sendotuz badator Debagoieneko II. erreka auzolana

2023/10/11
Card image cap
Herri bakoitzeko eragileek eta norbanaokoek Elorregin aurkeztu dute urriaren 21ean gauzatuko den auzolana. Aurkezpenarekin batera izen ematea ireki da, eta azaldu dute herri bakoitzak zer asmo duen.

Izen ematea

Deba ibaia eta haren adarrak garbituko dira beste behin auzolanean. Horretarako, herri bakoitzak bere topalekuak izango ditu eta handik abiatuko dira bakoitzari dagokion auzolan gunera. Hori dela eta, antolatzaileek gonbita egin diete parte hartzeko interesa duten guztiei, izena eman dezaten eta ekimenera batu daitezen.

Debagoienean errekak bizi auzolanean ekimenean izena emateko, urriaren 4tik 18ra arte egongo da aukera, galdetegi bitartez.  

Pertsonako inprimaki bat  bete beharko da (komeni da haurrek ere inprimakia betetzea), zehazteko zer herritan parte hartu gura duen. 

  • Eskualdeko herri guztietan (Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñati) eman ahalko da izena erreka auzolanean ekimenean parte hartzeko.
  • II. Edizioa ere errekak  ezagutzeko, bizitzeko eta gozatzeko eguna izango da, eta herri bakoitzak bere egiteko modua izango du.

 

Ezagutzen badugu, hobeto zainduko dugulakoan

Aurten ere ekimena modu bateratuan pentsatu eta antolatu da, nahiz eta herri bakoitzak bere egiteko moduen arabera gauzatuko duen auzolana. Abiapuntua da bailarako herriak zeharkatzen dituzten errekak ezagutzea, baita herrikideen artean harremana sustatzea ere.

Debagoieneko zortzi herri batuko dira auzolanera. Gainera, aurten ere askotariko norbanako eta eragileek egingo dute bat ekimenarekin, jakin dakite-eta zer inportantea den inguratzen gaituzten errekak ezagutzea, bizirik mantentzea eta zaintzea.

Egiteko modua: auzolana

2022ko erreka eguna izan zen bailara auzolan erraldoia, 600 lagun inguru batera sartu ziren erreketara, eta II. Edizioan ere parte hartze handia espero da. Elkar ezagutzen duten eta ezagutzen ez duten herritarrak, elkarlanean, zaindu eta eraldatu gura duten eremuan izango dira. Antolatzaileek diote garrantzitsuena dela emaitza barik egiteko modua, elkarrekin lan egitean sortzen baita komunitatea, herria.

Herri hezitzaileak

Ekimenak  Herri hezitzaileen  ideaiarekin guztiz bat egiten du. Balio du naturarekin dugun harremanaz hausnartzeko, horretan sakontzeko, herriaren zaintzaren ardura herritarrok ere hartzeko, eta herrikideen artean harremanak sustatzeko. Haur, nerabe gazte  eta helduek elkarrekin parte hartu dezakete ekimenean, ba al dago zerbait hezitzaileagorik?

Fokua jarri gura da errekatik ateratzen den zabor kopuru ikaragarrian baino gehiago egiteko moduak duen balio sinbolikoan, eta herri bakoitzean sortu daitezkeen elkarlanetan.

 

Zalantzak eta argibideak: errekagarbitzeko@gmail.com