Gabonetako argiak egubakoitzean, abenduak 4, isiotuko dira, eta Santamasetako erakusleiho lehiaketan izena emateko epea zabalik da jada
2020/12/02Gabonak gero eta gertuago ditugu, eta aurten bereziak izango badira ere Covid-19a dela eta, ohiko jardueretako ugari gauzatuko dira segurtasun berme guztiekin. Tartean, Santamasetako erakusleiho lehiaketa edo Gabonetako argiak jartzea.
Lehiaketan parte hartzeko, establezimenduek izena eman beharko dute abenduaren 9a bitarte (barne). Hona hemen zelan; Izena ematea: Udaleko Merkataritza sailean, 943 25 20 17, merkataritza@arrasate.eus, BAZen, udalarenl webgunean edo Merkataritzako bulego teknikoan, 943 79 30 90, aitziber@debagoiena.eus.
Herritarrek bozka emateko epea: abenduaren 10etik 18ra arte, eguerdiko 12:00ak arte, hain zuzen.
Iaz sarien zenbatekoa igo egin zen eta, baita ere, bozketan parte hartu zuten herritarren saria. Aurtengo edizioa ere berrikuntzekin dator: alde batetik, 4. sari bat emango da eta, bestetik, “haur eta gazte”en saria sortu da. Ikastetxeetara zabalduko da, bertako eta gertuko merkataritzaren balorea ikusarazteko helburuarekin.
Aurtengo sariak dira:
- 1. saria: plaka eta 600 €
- 2. saria: plaka eta 400 €
- 3. saria: plaka eta 300 € (Ibai-Artek emana)
- 4. saria: plaka eta 200 €
- Herritarren saria: plaka eta 300 €
- Haur eta gazteen saria: plaka eta 300 €
Era berean, “Herritarren saria” bozkatzen dutenen artean zozketatuko dira bost bonu, 100 €-koak, eta “haur eta gazteen saria” bozkatzen dutenen artean zozketatuko dira bost bonu, 30 €-koak, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko .
“Herritarren saria” eta “haur eta gazteen saria” bozkatzeko, udalaren webgunetik edo Ibai-Arteko webgunetik egingo da.
Sari banaketa egingo da abenduaren 21ean, egubakoitza, arratsaldeko 5etatik aurrera. Erakusleihoak jarrita egongo dira abenduaren 10etik 31ra arte, gutxienez. Epaimahaia: Ibai-Arteko ordezkari bat, diseinuan aditu bat eta udal ordezkari bat.
Gabonetako argiak, erosketak sustatzeko herriko merkataritzan
Gabonen atarian, Arrasateko Udalak Gabonetako argiak ezarri ditu herriko kaleetan eta auzoetan. Isiotuko dira abenduaren 4an, baina Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, ez da egingo ekitaldirik, azken urteetan egin bezala.
Udalaren helburua da Gabonetako argiez kaleak biziaraztea, are gehiago pandemiak eragindako une zail honetan, eta herriko saltokietan erosketak sustatzea.
Guztira 85 argi egitura ezarri dira herriko kaleetan zehar: Udaletxea, Herriko plazan zuhaitza, Garibai etorbideko argiteria publikoan, 9 arku Erdiko kalean, 10 arku Iturriotz kalean, 6 arku Zerkaosteta kalean, 12 arku Olarte kalean, 8 arku Ferrerias kalean, 5 arku Maalako Errebalean, 15 argi kordoi hainbat lekutan, eta otarrak bi plazatan. Horrez gain, udalak argiteria ipini du ere herriko hainbat auzotako sarreretan.
Udalak 38.671,60 euroko inbertsioa egin du. Ildo horretan, aipatu behar da apaingarri guztiak kontsumo elektriko baxukoak direla, jasangarritasunaren eta ingurumenaren mesedetan.