Santa Teresa auzoko berrurbanizazio lanak hasi dituzte aste honetan

2024/09/19
Card image cap
Auzoa birgaitzeaz gain, etxebizitza blokeak irisgarriak izatea da helburua. Lanek 3.371.371,90 euroko aurrekontua dute (2.786.257,77€ BEZ gabe).

Aste honetan hasi dituzte Santa Teresa auzoko berrurbanizaziorako prestaketa lanak. Hain zuzen, Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleak interbenituko dituzte. Auzoa birgaitzeko helburuaz gain, etxebizitza blokeei irisgarritasuna bermatzea izango da helburua.

Bizi kalitatea auzoarentzat eta auzotarrentzat

Kepa Urteaga zinegotziak eta Izaro Agirre teknikariak eman dituzte obren gaineko azalpenak. “Prozesua aurreko agintaldian hasi bazen ere, Udal Gobernuarentzat lehentasuna da auzoetako bizi kalitatea hobetzea, batez ere zaharkituak geratu diren Santa Teresa bezalako langile auzo hauentzat, Frankismoan eraikia. Horretarako, 3 milioi eta erdiko aurrekontua onartu genuen 2024ko aurrekontuetan, berrurbanizazio lan hauek egiteko”.

Izan ere, Urteagaren arabera, “auzoak estetikoki itxura berria hartuko badu ere, gaur egun oinarrian dituen arazo eta berrikuntzak ere burutuko dira”. Horien artean aipatu ditu egoera txarrean dauden euste-horma berriak egitea, zerbitzuen azpiegiturak berritzea (ur hoditeria, argiztapen sistema edota saneamendua), eta argiteria publikoaren sare berria jartzea. “Lan guzti hauek eginda, auzoak bizi kalitatean irabaziko du”.

IMG_0995.jpg

Etxebizitzen birgaitzea bideratzeko lanak

Auzoaren berrurbanizazioak atarte guztietara irisgarritasuna bermatuko du, “ezinbesteko lana” Izaro Agirre teknikariarentzat ondoren etxebizitza atarteek igogailuak jarri ahal izateko. “Irisgarritasuna bermatzeko etxebizitzen inguruko espaloiak ireki beharko dira, eta horrek euste-horma berriak sortzea ekarriko du. Modu horretan, nahikoa espazio izango da igogailua instalatu eta oinezkoen pasabidea bermatzeko” azaldu du.

Dagoeneko etxebizitza batzuk igogailua jartzeko tramiteak hasi dituzte, hain justu Doneztebe Portuko 17. atarteak eta Santa Teresa kaleko 1, 6, 8, 10, 17, 18 eta 22 atarteak. Kale honetako 16. zenbakiak dagoeneko hasi ditu birgaitze lanak. “Frankismoan eraikitako etxebizitzak dira, eta populazioa ere adinez nagusia da. Horregatik, askok, birgaitzearen aldeko apustua egin dute, efizientzia energetikoan urratsak emanez eta igogailua ezartzeko apustua eginez. Eraberritzen lan guzti hauek Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko laguntzari esker egingo dira, azken horrek finantzatzen baitu inbertsioaren zati bat” adierazi du Urteagak.

3,4 milioi euroko aurrekontua

Lanak Construcciones Moyua SL enpresak egingo ditu 3.371.371,90 euroko aurrekontuarekin (2.786.257,77€ BEZ gabe). Proiektuak 12 hilabeteko exekuzio epea aurreikusten du, eta berrurbanizazio lanek bat egingo dute denboran etxebizitza blokeen birgaitzearekin.

IMG_1005.JPG

IMG_0978.jpg