Santa Barbara eta Villa Amparoko ur parkeak zabalik
2023/05/03Udako denboraldia Arrasatera heldu da: Santa Barbara eta Villa Amparoko ur parkeak zabalik daude dagoeneko. Aurten hilabete lehenago, iaz maiatzean izan ziren beroaldien ondorioz.
Ordutegia goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara izango da (lanegunetan, asteburuetan eta jaiegunetan).
Duela bi urte inauguratu zen Villa Amparoko ur parkea eta duela hiru urte Santa Barbarakoa. Santa Barbarako ur parkeak 21 jolas ditu adin guztietako pertsonentzat. Iaz parkeak 110 pertsona baino gehiago jaso zuen egunero.
Villa Amparoko parkea Santa Barbarakoa baino handiagoa da. Bi urgune ditu: alde batetik, 4 urtetik gorakoentzat 18 jolas, bidegorritik hurbilen dagoen gunean. Eta bestetik, Etxetxikietatik gertu dagoen eremua, haur txikientzat, bi ur zirkuiturekin.
Ur parkeak ireki ahal izateko, Arrasateko Udalak hainbat aurrelan egin ditu: ur jolasak jarri, deposituak eta iragazkiak hustu, ur zirkuitua garbitu eta desinfektatu, instalazioa berriro urez bete, iragazketa eta arazketa martxan jarri, uraren laginak laborategi ziurtatu baten bidez hartu eta beharrezko analisiak egin.
Hilean behin, uren analisiak egiten dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoak hainbat ikuskapen egiten ditu udako denboraldian.