San Juanetako ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko zozketan izena emateko epea zabalik ekainaren 10era arte

2024/06/04
Card image cap
Argazkia: Goiena
Interesdunek izena eman dezakete izenemateak.arrasate.eus webgunean edo BAZen.

Dagoeneko ate joka ditugu San Juan festak, eta, ildo horretan, udalak aukera emango die herritarrei jaietako ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko.

Ohikoa den bezala, hiru ekintza ikusi ahal izango dira balkoitik: ekainaren 15ean haurren danborrada, eta ekainaren 23an Errementari dantza eta nagusien danborrada. Horretarako, jakina, interesdunek aurrez izena eman beharko dute webgunean edo BAZen, ekainaren 10era arte, hura barne. Parte hartzeko oinarrizko baldintzak dira: 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea. 16 urtetik beherako haurrek nagusi batek lagunduta joan beharko dute.

8 eta 10 tokiko zozketak egingo dira ekintza bakoitzeko:

  • Haurren danborrada ikusteko: 10 tokiko bi (20 lagun)
  • Errementari dantza ikusteko: 8 tokiko bi (16 lagun)
  • Nagusien danborrada ikusteko: 8 tokiko bi (16 lagun)

Eskaera asko egon ohi denez, izena emateko epea amaituta, ekainaren 12an, zozketa egingo da izena ematen duten guztien artean, aipatutako tokiak betetzeko. Aukeratuek ezingo dute parte hartu ekintza batean baino gehiagotan; horregatik, izena emateko orduan, herritarrek interes ordenaren arabera zehaztu beharko dute balkoitik zer ekintza ikusi gura duten.

Irabazleak

Irabazleei jakinaraziko zaie telefonoz, posta elektronikoz edo SMS bidez. Haiek, dagokien egunean Udaletxeko balkoira joateko, Udaletxeko sarreran agertu beharko dira NANarekin egun eta ordu hauetan:

  • Haurren danborrada ikusteko ekainaren 15ean. Ordua: 19:30
  • Errementari dantza ikusteko, ekainaren 23an. Ordua: 22:00
  • Nagusien danborrada ikusteko ekainaren 23an. Ordua: 23:30