Emakume Txokoak baliabide ugari prestatu du San Juanak indarkeria sexistarik gabeko gune izateko
2022/06/17Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak, sanjuanei begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, aurten ere hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko ditu, hala nola ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ eta ’24 orduko arreta telefonoa’.
“Indarkeria sexistarik gabeko gunea” Arbolapetan egongo da. Indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira hurbildu gura duten emakumeak eta neskak artatzen. Gunea ekainaren 23tik ekainaren 26ra egongo da Arbolapetan. Ekainaren 23tik 25era, 20:00-01:00, eta ekainaren 26an, 18:00-21:00.
Gune horren helburuak dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gune bat sortzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ematea, erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela, eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea.
Bestetik, jaietarako propio, “24 orduko arreta telefono” zerbitzua egongo da. Aurten, ekainaren 23an 20:00etan hasi eta ekainaren 26an 21:00ak arte. Hartan, jaietan gertatzen den edozein eraso sexista dela-eta informazioa, aholkularitza eta, behar izanez gero eta erabiltzaileak propio eskatuz gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko da. Telefono zenbakia 688 80 91 37 izango da eta hainbat lekutan egongo da ikusgai.
Yoana Sanchez Berdintasun zinegotziak nabarmendu du “helburua da nesken ahalduntzea indartzea eta mutilen jarrera sexistak eta matxistak prebenitzea. Jaiak espazio seguruak izan behar dira emakumezkoentzat, bestela ez dira jaiak. Eta argi izan behar dugu alkoholak eta drogek jarrerak desinhibitzen dituztela, baina ez dituztela inondik inora eragiten. Eta esan gabe doa, alkohola eta drogak kontsumitu izanak ez dituela justifikatzen erasoak, ezta esatea ere ez zuela molestatzeko asmorik; ez “biktimaren” bizimoduak, ez janzteko moduek, ez erasotzailearekin sexu harremanak izateak, ezerk ez du justifikatzen indarkeria matxista. Erasoaren erantzule bakarra da erasotzailea”.
Koordinazioa, gako
Emakume Txokotik eskaintzen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, hala nola Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin.
Bestetik, San Juan jaietara begira, Txosna batzordeak protokolo bat landu du, jaien bueltan eman daitezkeen eraso matxistak, arrazistak zein LGTBIQ+ kolektiboak jasan ditzakeenak direla-eta esku hartu edo erantzuteko. Emakume Txokoarekin ere konpartitze ariketa bat egin du Txosna batzordeak protokoloaren gaiarekin, modu koordinatuan esku hartu edo erantzuteko, egoerak halaxe eskatuz gero. Koordinaziorako mekanismoak ezarriko dira Txosnaguneko kideekin (erasoen kontua antolatzeko, arduradunak izendatuko dituzte) zein Udaltzaingoarekin