Parte hartze ordenantza berria iragarri du Garazi Etxeberria zinegotziak 2026 urterako
2025/03/04
Arrasatek parte hartze ordenantza izango du lehendabizikoz 2026an. Hori eman du jakitera Garazi Etxeberria San Miguel zinegotziak gaur ospatu den Osoko Bilkuran.
“Urte eta erdian hainbat parte hartze prozesu jarri ditugu martxan, formatu ezberdinetan: auzoz auzoko batzarrak, idatzizko alegazioak, online galdeketak edota herri galdeketa bat. Ohartu gara, parte hartze bitarteko hauek martxan jartzea bezain garrantzitsua dela hauek arautzea. Horregatik, ezinbestekoa dugu parte hartze bitarteko guztiak jaso eta arautuko dituen ordenantza bat egitea. Udalaren zein herritarren eskura egongo den baliabide bat izatea nahi dugu” adierazi du Etxeberriak.
Ordenantza berria 2026rako
Lehendabiziko parte hartze ordenantza egongo dela iragartzeaz gain, Etxeberriak jakitera eman du, hau idazteko prozesua 2025eko irailean abiaraztea aurreikusten dutela. Modu honetan, jarraitu du, ordenantza 2026 urtean amaitu baino lehen idatzita eta onartua egotea espero du.
“Araudi berri hau herritarrekin batera idatziko dugu, irailetik aurrera iragarriko dugun prozesuaren baitan. Gaurdanik prozesu hori diseinatu eta burutzeko antolaketa lanetan hasiko gara”.
EAJren desinformazioa salatu du Etxeberriak
Aldi berean, Etxeberriak EAJren azken asteetako jarrera salatu nahi izan du publikoki. Horretarako, zenbait komunikabideetan plazaratu dituzten “desinformazio kasuak” ekarri ditu argitara.
Lehena Mugikortasun Planari lotutakoa izan da. “EAJk inposaketaren errelatua zabaldu nahi izan duen bitartean, datuek kontrakoa adierazten dute”. Horretarako Mugikortasun Jasangarrirako Planean erabilitako parte hartzearen hainbat datu orokor eman ditu Udalak:
235 pertsonek parte hartu dute auzoz auzoko parte hartze saioetan, dozenaka ekarpen eginez.
4.268 herritarrek parte hartu zuten azaroan egindako autobus geltokiaren herri galdeketan.
Plana jendaurrean egon den 45 egunetan, 25 herritarrek idatzizko hainbat proposamen egin dituzte.
Hirigintzako Aholku Kontseilua 3 aldiz bilduko da, eta 7 Hirigintza Batzordetan tratatu da gaia, eta “EAJk ez du ekarpenik egin” azaldu du Etxeberriak.
Bestalde, bigarrena, jatorriz Udal Gobernuaren plan bat “EAJrena izango balitz bezala saldu nahi izatea” izan da Etxeberriaren esanetan. Kasu honetan, Azpiegitura berdearen, klimaren eta energiaren plana idazteko lizitazioa jarri zuen martxan Udal Gobernuak 2024ko urrian, parte hartze prozesua barne. Hilabete hauetan prozesua definitu eta bideratuko duten teknikariekin lanean egon ondoren, pasa den asteko asteartean, otsailaren 24an, eman zituen gobernuak Hirigintza Batzordean parte hartze prozesuari buruzko datuak. “Hurrengo egunean, gobernuak prozesu parte hartzailea iragartzea aurreikusita zuen egunean, EAJk azken orduko prentsaurreko baten plana berea izango balitz bezala aurkeztu zuen”.
“Uste dugu politikan gutxieneko joko arau batzuk errespetatzea ezinbestekoa dela, tartean, ondokoaren lana errespetatzea. Gure gonbidapena, berriz ere, herriko erronkei elkarlanean erantzuteko” amaitu du Etxeberriak.