Partaidetzazko aurrekontuen proposamen fasea arrakastatsua izan da

2017/07/27
Card image cap
Herritarren partaidetza handia azpimarratu du Udalak: guztira 352 proposamen jaso ditu, nagusiki hirigintza, kirola, kultura, euskara eta hezkuntza arlokoak

Martxan dira dagoeneko Arrasateko Partaidetzazko Aurrekontuak. Alderdi politiko ezberdinek (EAJ, EH BILDU, PSE - EE, Baleike)  adostutako ekimenaren bitartez helburua da, datorren urteari begira, udal aurrekontuetan herritarren inplikazio, parte-hartze eta erabakimena sustatzea eta horretarako, haien esku utzi ditu 2018ko aurrekontuetako 250.000€, arrasatearrek proposatu eta erabaki dezaten zertara bideratu diru kopuru hori.

Bide horretan, ekainaren 28tik uztailaren 15era bitartean, prozesuko lehen fasea eraman da aurrera, proposamenak egiteko fasea, alegia. Epe horren baitan, arrasatearrek, aipatutako diru kopuru hori zertara bideratu proposatzeko aukera izan dute, bai internet bidez, bai horretarako Udalak espresuki jarritako stand edota BAZ, udal eraikin eta auzoetako kutxen bitartez ere.

Guztira 352 proposamen jaso ditu, internet izanik horiek aurkezteko biderik erabiliena (149). Jarraian, BAZ, udal eraikinak eta auzoetako kutxak (138) eta azkenik stand-ak (65) erabili dituzte proposamenak egiteko. Jasotako ideiak asko eta mota askotarikoak izan dira, baina orokorrean, hirigintza (217), kirola (66) eta kultura, euskara eta hezkuntza (20) arloarekin loturikoak nagusitu dira. Horien artean, proposamen gehienak mugikortasunaren eta jolas-parkeen ingurukoak izan dira.

Horren harira, udal taldeak oso kontentu azaldu dira eta eskerrak eman dizkie arrasatear guztiei beren ekarpenengatik eta oro har, prozesuko lehen fase honetan parte hartzeagatik. Orain, urria bitarte proposamen guztien bideragarritasuna aztertzeari ekingo dio eta horien artean ezarritako irizpideak bete eta bideragarriak direnak sailkatuko dituzte azken faserako. Behin zerrenda hori osatuta, Arrasaten erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona orok sailkatutako proiektuak bozkatu ahal izango ditu. Bozkatuenekin 2018an gauzatzeko proiektuen behin-betiko zerrenda egingo du Udalak 250.000€ak osatu arte.

Prozesuko hurrengo urratsetan, beraz, herritarren partaidetza sustatzen jarraituko dute udal taldeek, ekimen horrekin helburu baitu herritarrekin elkarlanean haien beharretara egokitutako Etorkizuneko Arrasate eraikitzeko urratsak ematen jarraitzea.