Otsaileko baserritarren azokan, erabilitako etxeko koipeekin xaboia egiteko tailerra
2016/02/11Gutxi dela arte ohitura egon da etxe askotan erabilitako koipeekin xaboia egiteko, eta banaka batzuk jarraitu diote oraindik ohitura horri. Hondakin gutxiago sortzeko bide interesgarria da hau, erraz egitekoa, eta etxeko ekonomian ere positiboki eragin ahal duena.
Tailerra egingo da otsaileko hirugarren zapatuko baserritarren azokan, otsailaren 20an, Seber Altube plazan bertan, azoka ondoan. Ikastaro honen helburua da etxe gehienetan sortzen dugun hondakin kutsakor honi, erabilitako sukaldeko olioari, aprobetxamendu egoki bat ematen laguntzea, xaboia bilakatuta. Bi xaboi mota egiteko teknikak landuko dira: eskuzko garbiketarako xaboi-takoa eta garbigailurako xaboi likidoa.
Tailerra, esan bezala, otsailaren 20an egingo da, Seber Altube Plazan, goizeko 10:30etatik 12:30etara. Parte hartzeko aurrez izena ematea komeni da, antolatzaileek beharko den materialaren aurreikuspena egin ahal dezaten. Izena emateko, formulario hau bete, Arrasateko Udaleko BAZen ere lagunduko dizute betetzen. Izena emateko azken eguna, otsailaren 19a. Plaza mugatuak.
Tailerra euskaraz emango da, praktikoa izango da, eta doanekoa. Parte hartzaileek eraman beharrekoak: amantala, gomazko eskularruak eta kristalezko tarro bat bere taparekin.
Tailerra pertsona helduei zuzenduta dago, prozesuan erabiltzen diren osagaiengatik.
Animatu parte hartzen!