Arrasaten erroldatuta dauden 80 urteko pertsonei omenaldia egingo zaie ekainaren 24an
2022/06/15Arrasaten erroldatuta dauden 80 urtetik gorako pertsonek omenaldia jasoko dute datorren ekainaren 24an, Etxaluze eraikinean egingo den ekitaldi batean. Omenaldia San Juan jaietan egingo da, eta hor parte hartu ahal izateko, 80 urteak beteta eduki beharko dira hilaren 24rako. Hurrengo egunean, gainera, azoka plazan ‘Zeuk iñ, zeuk jan’ bazkaria egingo da, hura ere San Juan jaien egitarauaren barruan.
Ekitaldiari dagokionez, 12:30ean hasiko da, eta alkateak agurrarekin emango dio hasiera. Gero, omenduko diren emakume eta gizon nagusiei lore sorta bana banatuko zaie. Amaiera emateko, Abaroako abesbatzak emanaldia eskainiko du, eta gero luntxa egingo da bertaratzen diren guztiekin.
Omenaldian parte hartzeko izen ematea datorren egubakoitzean, ekainaren 17an, itxiko da, eta izena emateko hiru bide daude: Bezeroaren Arreta Zerbitzuan (BAZ), telefonoz (943 25 20 00) eta udalaren webgunean. Izena ematen duten guztiei gonbite bana banatuko zaie, eta agiri hori ezinbestean eroan behar da omenaldira Etxaluzeko eraikinean sartu ahal izateko.
‘Zeuk iñ, zeuk jan’ bazkaria
Arrasateko San Juan jaietan ‘Zeuk iñ, zeuk jan’ bazkaria egingo da azoka plazan ekainaren 25ean. Bazkarian parte hartzeko izen ematea ekainaren 18an, zapatuan, itxiko da, 23:59ean, eta 650 laguneko kopurua gainditzen badu, Mondragones kalea ere erabili ahal izango da. Izena eman ahalko dute adinez nagusiak diren pertsonek, eta hori udalaren webguneren bitartez egin beharko dute. Bazkari lekuak zozketa bidez zehaztuko dira.
Janaria prestatzeko tresneriari dagokionez, bakoitzak berea eroan beharko du, eta derrigorrezkoa izango da ontzi berrerabilgarriak erabiltzea. Mahai tresnak bakoitzak bereak eroango ditu, eta berrerabilgarriak izango dira. Behar izanez gero, udalak eskura jarriko ditu edalontziak eta platerak, eta 10-12 bat su txiki; horiek zozketatu egingo dira eskatzen dutenen artean.
Bazkariak ordutegi jakin bat izango du. Hasi 12:00etan egingo da, eta 18:30erako material guztiak jasota egon beharko dira. Ordu tarte horretan debekatuta egongo da 18 urtez azpiko pertsonek edari alkoholdunak kontsumitzea.