Ohiturari eutsiz, belaunaldi berrietara ireki nahi da Santa Ageda, eta dei egin dute domekan parte hartzera
2024/02/01Santa Ageda abesbatzako kideek eta udal ordezkariek agerraldia egin dute, eta deitu dute domeka honetan Santa Ageda bezperan parte hartzera, belaunaldien arteko transmisioaren lekukotza jasotzeko.
Belaunaldi berrien lekukotza irudikatzeko, agerraldia egin dute gaur Santa Ageda abesbatza beteranoetako Batis Agirrek, Santa Agueda abesbatzako gazte ordezkari Leire Etxezarretak, Eider Garrok eta Amaia Agirrek, udaleko alkate Maider Morrasek eta Kultura zinegotzi Adoni Arratibelek lagunduta.
Ibilbide luzeko tradizioa
Santa Ageda abesbatzako beterano Batis Agirrek aspalditik datorren tradizioaren berri eman du. Era berean, berba egin du tradizioak berak denboran izandako eboluzioaz: “Badirudi, hasiera batean, Santa Ageda egunean bertan, otsailaren 5ean, egiten zela kantu-eskea, eta egunaren amaieran egiten zuten afarirako baliatzen zutela diru kantitate hori. Baina 1955. urtearen bueltan, Parrokiako abesbatzatik abiatutako koruak, kantu-eskea egun bat aurreratu, eta bezperan irtetea erabaki zuen. Gainera, helburu bat jarri zioten kantu-eskerari: egunean bildutako dirua Ospitaleak zituen beharrei erantzuteko izango zela”.
Urteen poderioz, ohitura bilakatu zen, eta gaur egun ere Santa Ageda bezperan egiten da kantu-eskea, eta bildutako diru guztia “behartsuenei dohaintzan ematen zaie”. Modu horretan, gehitu du, “laguntza eta elkartasun ariketa bat izateaz gain, aukera dugu kaleak girotzeko eta euskal kantuez gozatzeko, tradizioa bizirik mantenduz”.
Belaunaldi berriei lekukoa
Orain arteko ibilbidea balioan jarri eta gaur egun lekukoa hartuko duten gazteei dei egin diete Leire Etxezarretak eta Eider Garrok, Santa Ageda abesbatzako kide gazteek. “Tradizioari eutsi nahi izan genion gazte talde bat bildu ginen aurreko urtean belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko asmoz, herriko ohitura kulturalen jarraipena bermatu, eta gaur egungo kultura joerekin uztartzeko, eta oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen”.
Emaitza positibo horren eraginez, Etxezarretaren esanetan, aurten ere deialdi berria egitea erabaki zuten. “Erantzun oso positiboa jaso dugu. Joan den urtean 10 gaztek parte hartu genuen, eta aurten 30ek eman dugu izena. Pozik egoteko modukoa”. Bide horretan, gazteak Santa Ageda bezperan parte hartzera animatu ditu Amaia Agirrek, baita Instagram sare sozialean irekitako @mondrageda kontua jarraitzera ere, “ohitura hobeto ezagutzeko eta orain artekoen berri izateko”.
Udaletxean harrera
Pozik agertu dira Maider Morras Arrasateko alkatea eta Andoni Arratibel Kultura zinegotzia belaunaldiartekotasunaren transmisio kulturala bermatuko duen ekimenarekin, eta horrekin batera, ohikoa den udaletxeko harrera iragarri dute.
Aurten otsailaren 4a, Santa Ageda bezpera eguna, domekan izango da, eta Maider Morras alkatearen ustez, horrek parte hartze handiagoa ekarri dezake. “Egunari dagokion presentzia eman eta, ohiturari jarraituta, harrera egingo zaie abesbatzako kideei udaletxean. 14:00ak inguru helduko dira udaletxera, eta sarrerako eskaileretan, hemen, egingo dute kantuan. Aurten, gainera, udaletxeko ateak zabal-zabalik izango ditugu, nahi duen herritarrak aukera izan dezan bertaratzeko”.
Bere aldetik, Andoni Arratibel Kultura zinegotziak berbaegin du kultura transmisioaren garrantziaz: “Ezinbestekoa zaigu kultura transmisioan lan egitea, gauza asko galtzeko arriskuan egon baitaitezke. Horregatik, Arrasateko Udala bidelagun izango dute horrelako ekimenetan, eta herritarrak, eta gazteak bereziki, animatu gura ditugu Santa Ageda bezpera egunean kalera irten dezaten”.