Monterron parkeak Nhil, Mirua eta DJ Kiliki Frexkoren erritmoan dantzatuko du zapatuan

2023/09/29
Card image cap
Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren eskutik, aipatu hirurek osatuko dute gazteei zuzenduta Monterronen eskainiko den kontzertua, musika eta arte eszenikoak Arrasateko gazteei eta nerabeei gerturatzeko.

Monterron parkea gazteei zuzenduriko kontzertu baten agertoki bilakatuko da bihar, irailak 30, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren eskutik.

Hala iragarri dute gaur goizean Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria diputatuak eta Gladys Fernandez Arrasateko Udaleko Belaunaldien arteko batzordeko buruak.

Gipuzkoan Gazte Tour programa bat da, musikaren eta arte eszenikoen inguruan hainbat jarduera biltzen dituena, Gipuzkoako gazteei zein nerabeei zuzendua dagoena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak garatu du, lurraldeko beste eragile eta udalerri batzuekin lankidetzan, horien artean, Arrasateko Udala.  

Horren harira, Goizane Alvarezek ekimenaren gakoa zein den azaldu du. «Gipuzkoan Gazte Tour-aren arrakasta da nerabeei ekitaldi horretan eta artistei buruzko erabakietan parte hartzea. GGTren helburu garrantzitsuenetako bat da lurraldeko artistei ematen zaien ikusgarritasuna. Programazio bakoitzak artista erreferentzialak eta bertako artista gazteak».

Arrasateren kasuan, Nhil, Mirua eta DJ Kiliki Frexko izango dira 19:30etik aurrera Monterronen arituko diren talde zein artistak. Hiruetatik, Nhil taldea da, kasu honetan, erreferentzialatasunaz gain, bertako artistaren osagaia ere duena, Debagoienean eta zehazkiago, Aretxabaletan baitu jaioterria.

Kontzertuari dagokionez, Gladys Fernandezek azpimarratu du Gazte Tourrek zer funtzio duen Gipuzkoan gazteen artean kultura eta aisialdi aktiboaren sustapenean: "Funtsezkoa da gure gazteei hazkunde pertsonalerako eta gizartean aukera bat baino gehiago eskaintzea aktiboki parte hartzeko, eta, hain zuzen ere, kulturaren eta aisialdiaren sustapena bi giltzarri garrantzitsu dira horretarako. Gipuzkoan Gazte Tour bezalako ekimenekin, gazteei arratsalde-iluntze dibertigarriak eskaintzeaz gain, musika eta arte eszenikoak gerturatzea dugu helburu, baita, aldi berean, sustatzea gizartean aktiboki parte hartu dezaten, eta hori gure gazteen orainerako zein etorkizunerako inbertsioa da».

Monterron agertoki gisa aukeratu izanak ere badu bere arrazoia, Fernandezen hitzetan, «gazteek berea sentitzen duten espazioa delako».

Eguraldi txarra eginez gero, Nhil eta Miruaren kontzertua Musika Etxeko auditoriumera eramango da eta DJ Kiliki Frexkorena Biteri plazara.

Hemen informazio gehigarria Arrasaten izango diren taldeen eta artisten inguruan:

 

Nhil

Nhil Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen 2017an. Taldea, adiskidetasunean oinarritua, gurata hasi zen abestiak sortzen, baina, aldi berean, gura barik. Horrela lotu ziren hasiera batean, Asel Errasti bateria, Xabi Zuazabeitia baxua, Beñat Arrieta gitarra, eta Sara Alonso pianoa eta ahotsa. Azkenik, haizearen sekzioa batu zen, Aitor Ruiz de Austri tronboiarekin eta Lia Garai saxofoiarekin.

 

Mirua

Mirua Gipuzkoako talde gaztea Harrobia Sariaren irabazlea izan zen 2021ean, Gaztea euskal irratiaren maketa lehiaketan, eta Oso Polita zigiluko fitxaketa berrietako bat da. Maite Iruiñek osatu zuen 2019an Malentxo eta Mattin Zeberio neba-arrebekin batera, eta haien musika estilo bereziak melodiak eta pop klasikoko instrumentuak nahasten ditu musika elektronikarekin eta indie esperimentalagoarekin..

 

DJ Kiliki Frexko

Beñat Rodrigo edo Kiliki Frexko abeslaria, DJ-a eta Chill Mafia taldeko liderra. Euskal Herrian azken hamarkadan sortutako artistetako bat da. Chill Mafia taldeko kidea da; Chill Mafia da Iruñeko koadrila bat, zeinak batzen dituen ekoizleak, abeslariak, DJak, MCak, diseinatzaileak eta graffiitien egileak. Euskaldunen panorama hankaz gora jarri du. Iruñeko kolektibo bat, ahots, ekoizle, DJ, diseinatzaile eta graffitti-egileek osatua. Iruñeko koadrila rave eta sound system-etan egin zen ezagun, eta beren soinua sortzen hasi ziren, estatuko eszenako talderik lotsagabeentako bat izan arte.