Nerabeen osasun mentala lantzeko jardunaldiak aurkeztu dituzte Udalak eta San Juan de Diosek
2024/10/10Datorren egubakoitzean, urriak 18, egingo dituzte “Gazteen burua zaintzen: nerabeentzako osasun mentalaren estrategiak eta esku hartze prebentiboak” jardunaldiak. Hauek aurkezten izan dira Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkatea, eta Apolo Zepeda San Juan de Dios ospitalearen mediku zuzendaria.
Jardunaldian zehar, adituek funtsezko estrategiak jorratuko dituzte gazteen ongizate emozionala sustatzeko eta talde horri ematen zaion laguntza indartzeko, funtsezko prebentzio-tresnak eskainiko dira.
Osasun mentala, osasun ekosistemaren parte
Maider Morras Azpiazu alkateak aurkeztu ditu egin asmo dituzten jardunaldiak. “Ezinbestekoa dugu, elkarlanaren bitartez, osasun mentalaren zaintzan sakontzea prebentzioaren ikuspuntutik. Izan ere, herriko bizi kalitateaz ari garenean, osasun mentalaren gaiak funtsezko papera jokatzen du”. Zentzu horretan, “agintaldia hasi zenetik apustu serioa” egiten ari dela gobernua nabarmendu du alkateak, “eta espero dugu gutxika gutxika emaitzak ematen joatea”. Lanketa hau “osasun ekosistema” indartsu baten barruan kokatu du alkateak, “Arrasate bizigarriago bat izateko”. Arrasate osasuntsu bat izatea du helburu egitasmoak, eta, lan horretan sakontzen jarraituko dutela iragarri du.
Bere aldetik, Apolo Zepedak, San Juan de Dioseko mediku zuzendariak, “elkarlan integralaren” beharraz hitz egin du, erakunde ezberdinen arteko elkarlanaren beharraz. “Ezinbestekoa dugu elkarlanean aritzea udalekin, familiekin, eskolekin, kirol-klubekin, aisialdi-taldeekin eta Eusko Jaurlaritzako arlo ezberdinekin: Osasun Sailarekin, Hezkuntza Sailarekin, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Foru Aldundiarekin, besteak beste”. “Gaur egungo gizartean, erronka handia da nerabeen artean buruko gaixotasunak areagotzea, hala nola antsietatea, depresioa, elikadura-jokabidearen nahasmenduak eta autolesioak”.
Bi mahai inguru nagusi
Ekitaldiari hasiera emateko, Maider Morras Arrasateko alkateak eta Elena Urdaneta San Juan de Dioseko III. Lurralde Unitateko zuzendari nagusiak irekiera instituzionala egingo dute.
9:30etik 11:30era, prebentzioari eskainitako lehen mahaian, Carmen Maganto Mateok, Psikologian doktore, ohorezko irakasle eta Psikologia Klinikoan espezialista, esku-hartzeei, sexismoari eta elikadura-nahasteei buruzko ikerkuntzan esperientzia handia duena, nerabeek egungo gizarte likidoan dituzten erronkei buruz hitz egingo du, bai eta osasun mentalerako eta erresilientziarako erronkei buruz ere. Bere ondoan, Ariadna Galtés Camps psikologoak, Henka taldeko prestakuntza-proiektuen koordinatzaileak eta ikastetxeetako koordinatzaileak, Henka proiektua aurkeztuko du eta erresilientziaren hiru dimentsioak azalduko ditu, ezbeharren aurrean gazteak nola indartu behar diren azaltzen duen ikuspuntu berritzaile bat eskainiz. Moderatzaile lanak egiteko Maite Aizpiri Arrasateko Udaleko prebentzio teknikariaren laguntza izango dugu.
Etenaldi txiki baten ondoren, 12:00etatik 14:00etara, bigarren mahai-inguruan, esku-hartzea ardatz hartuta, Monika Salgueiro Macho psikologoa eta Neurozientzietan doktorea izango da, eta nerabeen artean ohikoenak diren buruko nahasmenduei buruz duen ezagutza partekatuko du. UPV/EHUko irakasle gisa, Monikak jarrera suizidaren eta esku-hartzeko aukera posibleen inguruko ikuspegi akademiko eta praktikoa emango du. Azkenik, Andrés Suárez Velázquez, Madrilgo Nuestra Señora de la Paz Klinikako psikiatra, haur eta gazteen osasun mentalaren arloan esperientzia handia duena, nahasmendu horiek tratatzeko gaur egun dauden esku-hartzeei buruz arituko da, eta arlo horretan duen esperientziaren adibideak partekatuko ditu. Mahai hau neuk moderatuko dut Apolo Zepedak moderatuko du.