Nepalgo lurrikarak kaltetutakoei lagunduko die Arrasateko Udalak

2015/05/12
Card image cap
Rokpa Euskadi gobernuz kanpoko erakundeari diru-laguntza emango dio, hark Nepalen ura edangarri bihurtzeko planta bat jarriko du martxan

2015eko apirilaren 25ean Nepalen izandako lurrikarak kalte izugarriak sortu ditu lurralde horretan, 7000tik gora hildako eta kalte material izugarriak ere. Arrasateko Udalean bi dirulaguntza eskaera jaso dira: alde batetik “Rokpa Euskadi” gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztutakoa eta bestea “Mundu Solidario Helburu” erakundearena.

Nepalen urtetan lanean

Ikusiz Rokpa Euskadi erakundeak Nepalen urtetan diharduela lanean, eta bertan egitura sendoa duela, egokia ikusi da Udalaren diru-laguntza erakunde horren bitartez bideratzea, helburua baita beharrezkoa den laguntza ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzea, eta premia handiena dagoen tokira ahalik eta azkarren iristea.

Honenbestez, 4000 euroko diru-laguntza bideratuko dira Arrasateko Udaletik, Nepalgo lurrikarak kaltetutakoei laguntzeko. Rokpa Euskadi GKEari ordainduko zaizkio 4000 euro horiek, Nepalgo kalteen eraginak konpontzeko aurkeztu duen larrialdiko egitasmorako: ura edangarri bihurtzeko planta.

Proposamen hau Bozeramaileen Batzordean aurkeztu zen,  eta Udal organo hori osatzen duten BILDU, EAJ-PNV, PSE-EE eta ARALAR udal taldeetako bozeramaileen aldeko iritziarekin proposatu zen maiatzaren 11ko gobernu batzordean erabaki hau hartzea.