Mundutik Arrasatera, Arrasatetik Mundura
2019/12/10“Mundutik Arrasatera, Arrasatetik Mundura” egitasmoaren baitan, kultur-aniztasuna eta bizikidetzaren inguruko Ipuin Kontaketa antolatu dugu abenduaren 19-rako, Bibliotekak, Aniztasun Sailak eta Ekin Emakumeak elkarteak. Gure herrietako errealitatea kultur anitza eta eleanitza da. Aberastasun hori ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea da eskuartean daukagun proiektuaren helburua, beti ere euskara komunikazio eta kohesiorako tresna izanik.
Mundutik Arrasatera ipuin kontaketen helburua da denoi agertzea kultura aniztasuna gauza aberasgarria dela eta sustatzea herritarron elkar ezagutza. Izan ere, gaur egun, jendarte zabala dugu mundutik Arrasatera etorria. Horren ondorioz, Arrasate mundura dago irekita, Arrasate osatzen dugu munduko hainbat lurraldetako bizilagunek, kalean hainbat hizkuntza entzuten ditugu, eta hainbat ohitura eta janzkera ikusi. Kultura anitzeko gizarte honetan, kulturak trukatzea oso garrantzitsua da gizarte hobe bat lortzeko eta gure artean bizikidetza errazteko. Horrek dakar pertsonaren ikuspegi zabalagoa eta, aldi berean, beste balore batzuk indartzea, hala nola besteekiko errespetua eta norberaren identitatea.
Egitasmo honen baitan Arrasaten bizi diren biztanleen jatorrietako ipuinak ezagutu ditugu; Congo, Kolonbia, Brasil, Maroko, Senegal, Nikaragua, Sahara… Oraingo honetan, eta abenduaren 18an Migrantearen Nazioarteko eguna izanik, Arrasateko Maider Alcelay eta Vanessa Gonzalez ipuin kontalariek aniztasunaren aberastasunaz jabetzeko ipuinak kontatuko dizkigute, abenduaren 19an, osteguna, arratsaldeko 18:00etan Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Ipuinak zuzenduta egongo dira 5 urtetik gorako haurrei eta haien familiei.