Mundutik Arrasatera, Arrasatetik mundura
2015/11/17Arrasateko Udalak, Ekin Emakumeak elkartearekin elkarlanean, 2014. urtean jarri zuen martxan “Mundutik Arrasatera, Arrasatetik mundura” egitasmoa. Proiektuaren helburua da denoi agertzea kultura aniztasuna gauza aberasgarria dela eta sustatzea herritarron elkar ezagutza. Izan ere, gaur egun, jendarte zabala dugu mundutik Arrasatera etorria. Horren ondorioz, Arrasate mundura dago irekita: Arrasate osatzen dugu munduko hainbat lurraldetako bizilagunek, kalean hainbat hizkuntza entzuten dugu, eta hainbat ohitura eta janzkera ikusi.
Kultura anitzeko gizarte honetan, kulturak trukatzea oso garrantzitsua da gizarte hobe bat lortzeko eta gure artean bizikidetza errazteko. Horrek dakar pertsonaren ikuspegi zabalagoa eta, aldi berean, beste balore batzuk indartzea, hala nola besteekiko errespetua eta norberaren identitatea.
Aniztasunean elkarbizitza sustatzeko “Mundutik Arrasatera, Arrasatetik mundura” proiektuan programa hauek ditugu: alde batetik, herrira etorri berriei zuzenduta “Harrera, orientazio eta informazio zerbitzua”; bestetik, Auzoko programa, euskaraz bizi direnen eta euskaratik urrun daudenen bilgunea, non euskara, aniztasuna eta herritarrak biltzen diren elkar ezagutzeko, uneak, guneak eta aukerak sortzeko; eta, azkenik, ekintza batzuk elkar ezagutzea eta aitortzea lantzeko.
Azken honen barnean, guk, Udal Biblioteka, Gizarte Zerbitzuak eta Ekin Emakumeak elkartea, martxan jarri dugu “Mundutik Arrasatera ipuin kontaketak” egitasmoa.
Bi hilean behin saioak antolatuko ditugu, eta horietan protagonistak izango dira herritarrak. Izan ere, munduko txokoetatik etorri diren arrasatearrak beren herrietako ipuinak kontatuko dizkigute. Saio bakoitzean herrialde bat izango da gonbidatua. Lehen saioa izango da azaroaren 26an, eta Saharako tradiziozko ipuinak entzun ahal izango ditugu arabieraz, euskaraz eta zeinuen hizkuntzan. Ipuinak zuzenduta egongo dira 5 urtetik gorako haurrei eta haien familiei.
“Mundutik Arrasatera ipuin kontaketak”
Noiz: azaroaren 26an, 18:00etan.
Non: Kulturaten, Jokin Zaitegi gelan