Mugikortasun Jasangarrirako planari egindako ekarpenak aurkeztuko ditu bihar Udalak jendaurrean, Udaletxean egingo den batzar irekian

2025/03/05
Card image cap
- Batzar irekiaren hitzordua bihar izango da, hilak 6, osteguna, 18:30ean Udaletxeko Pleno Aretoan.

Mugikortasun Jasangarrirako planaren parte hartze prozesua amaitzear den honetan, Udalak jendaurrean aurkeztuko ditu arrasatearren ekarpenak. Proposamen guztien bideragarritasuna aztertzen aritu dira teknikariak orain arte, eta horietako batzuk planean sartzeko aukera izan dela aurreratu du Udalak.

“Herritar orori irekia egongo den parte hartze saio honetan, herritar eta eragileek egin dituzten ekarpenak ezagutu, eta hauen gaineko bideragarritasuna aurkeztuko dute Udal teknikari eta ordezkariek” eman du ezagutzera Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Hitzordua Udaletxeko Pleno Aretoan

Batzar irekiaren hitzordua bihar izango da, hilak 6, osteguna, 18:30ean Udaletxeko Pleno Aretoan.

“Helburua da aurkeztu diren ekarpen eta alegazioak ezagutu eta, Arrasaten mugikortasun jasangarri bat izateko helburuari eutsiz, planean jasoko diren proposamenak aurkeztea” azaldu du Etxeberriak.

Mugikortasun zinegotziak aurreratu du, herritarrek egindako hainbat ekarpen eta alegazio jasoko dituela Mugikortasun Jasangarrirako planak. “Behin herritarrekin eta Hirigintza Aholku Kontseiluarekin batu ostean emango du ezagutzera publikoki Udalak onarpenera eramango duen dokumentua”. Martxoan zehar aurkeztea aurreikusten da.

Arrasate berdeago eta jasangarriago baterako parte hartzea martxan

Bestalde, martxan da dagoeneko pasa den astean aurkeztutako Azpiegitura berdearen, klimaren eta energiaren plana idazteko parte hartze prozesua. Auzoz auzoko bilerak martxo erdialdean etorriko badira ere, dagoeneko posible da online galdetegia erantzutea. Udalak galdetegian iritzia ematera animatu ditu herritarrak.