Mozambikeko iparraldearekin harremanak sendotuz

2019/12/02
Card image cap
Udalak, Mundukidek eta Harremanek lankidetza akordioa berritu dute Mozambike iparraldeko herritarrek errenta sortzeko duten gaitasuna handitzeko eta bertako garapen sozioekonomikoa sustatzen jarraitzeko

Mundukide Fundazioak eta Harreman GKEk 2000. urtetik daramate Mozambike iparraldeko garapen sozioekonomikoaren alde lanean eta horren berri jaso ahala, Arrasateko Udala aipatu biek gidatutako programa horretara atxikitzeko hitzarmena sinatu zuen lehen aldiz 2017an.

Orduz geroztik eta legealdia amaitu bitartean, Arrasateko Udalak 15.000€ko dirulaguntza eskaini dio urtero programa horri, esan bezala, Mundukidek eta Harremanek bertan egiten duten lanari jarraipena emateko xedez.

Behin legealdi berrian sartuta, Udalak lankidetza hitzarmena berritu du Mozanbikeko herritarrek errenta sortzeko duten gaitasuna handitzen jarraitzeko eta berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako garapen ekonomikoa sustatzeko eraikitako bideari eusteko, bertako bizilagunen bizi kalitateak hobetzen jarrai dezan.

Horiek horrela, 2017az geroztik egin bezala, Arrasateko Udalak 15.000€ko ekarpena egingo dio urtero aipatutako programari. “Harreman eta Mundukidek Mozanbike iparraldean egindako lana eredugarria da benetan eta Udal honek irmoki sinesten du programak eta haien lanak emandako emaitzetan. Horregatik, lehenbizi bi elkarteek egindako lana aitortu eta eskertu nahi nituzke eta bestalde, gure lanerako prestutasun eta borondatea eskaintzen ditut beste behin, aportazio txiki honen bitartez bada ere, Arrasateko Udalak bertako biztanleen egoera hobetzen laguntzen jarrai dezan”, azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Hitzarmen horrek, baina, aipatutako programa diruz laguntzeaz haratago beste helburu bat ere badu: Harreman eta Mundukiderekin batera, arrasatearrak munduan gertatzen ari diren bidegabekeriez eta egun dauden ezberdintasunez kontzientziatzea, hain zuzen.

Nekazal iraultzaren bidean

Esan bezala, Mundukidek eta Harremanek urte ugari daramatzate jada Mozanbike iparraldeko Niessa eta Cabo Delgado probintzietan lanean eta orduz geroztik, bertan benetako nekazal iraultza gertatu dela esan daiteke.

Gaur egun, garapen sozioekonomikorako landutako programak dagoeneko 75.000 onuradun baino gehiago izan ditu. 2016an baino 20.000 gehiago, alegia. Aipatutako programa horri esker, halaber, aholkatutako teknika eta produktuen produkzioaren bitartez nekazaritzari esker lortutako ekoizpenak bikoiztu dira 2016tik hona, hain zuzen 4.000.000€ ingurutik 8.000.000€ baino gehiagotara. 2016tik honako bataz besteko ekoizpena, urtean soldata minimodun 3000 lanpostu sortzearen baliokidea da, kontuan izanik Mozanbikeko ordainsaria minimoa urtean 750 eurokoa dela.