Abian da Mondragon City Challenge Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Lehiaketa
2021/02/17Mondragon City Challenge Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Lehiaketa abian da. Haren helburua da ekintzailetza kooperatiboko jokaerak sustatzea eta gazteei eredu kooperatiboaren balio bereizgarriak hurbiltzea, antzeko eredu batean oinarritutako enpresa proiektuak garatuta. Ekimena gaur, otsailak 17, aurkeztu da Kulturaten, Arrasaten.
Antolatzaileak dira Arrasateko Udala, Mondragon Taldea, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua, Mondragon Unibertsitatea eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa. Laguntzen dute ere Asekoop-ek, Saiolanek, Azaro Fundazioak, El Diario Vascok eta Garaiak.
2021eko otsailaren 1etik 26ra arteko epea egongo da Mondragon City Challenge lehiaketan aurretiko izen ematea egiteko; horretarako www.mondragoncitychallenge.com webgunean dagoen aurretiaz izena emateko inprimakia bete beharko dute taldeek.
Ekimena batxilergoko, heziketa zikloetako eta unibertsitateko ikasleei zuzentzen zaie, eta 9 hileko epean proiektu kooperatibo propioa garatuko dute taldeka. Bi eta lau lagun arteko taldeak antolatuko dituzte, "16 eta 18 urte" bitartekoen eta "19 eta 24 urte" bitartekoen kategorietan lehiatzeko. Parte hartu dezakete hizkuntza hauetako edozeinetan: gazteleraz, euskaraz edo ingelesez.
Ekiteko gogoz dauden gazte sortzaile eta ausartek haien indarrak batuko dituzte enpresa proiektu propioa garatzeko, kudeaketa kooperatiboko eredu baten gainean eraikitakoa, erronka hauetako edozeini helduta:
- Erronka Teknologikoa-Digitala: Digitalizatzea, Adimen Artifiziala eta Big Data, Automatizazioa, Ziber segurtasuna…
- Erronka Sanitarioa-Soziala: Pandemia arriskuak, Demografia eta Zahartze Osasungarria, Genero berdintasuna…
- Erronka Energetikoa-Klimatikoa: Klima neutraltasuna, Baliabideen eta energiaren erabilera eraginkorra, “From farm to table”…
6 fasetan
- 1. Fasea: epaimahai teknikoak 20 proiektu hautatuko ditu. Jasotzen diren proposamenen artean, epaimahai teknikoak aukeratuko ditu garatzeko aukera handiena duten 20 proiektuak; epaimahai hori osatuko dute Azaro Fundazioa eta Saiolan erakundeek, negozio berrien sorkuntza bultzatzen adituak direnak. 20 taldeon izenak 2021eko martxoaren 23an eta 24an argitaratuko dira www.mondragoncitychallenge.com webgunean.
- 2. Fasea: sailkatutako 20 taldeek proiektuak garatuko dituzte. Sailkatutako 20 taldeek aurretiko izen ematean proposatutako enpresa proiektu kooperatiboaren ideia garatuko dute. Antolatzaileak arduratuko dira talde bakoitzari bere tutorea esleitzeaz, kontuan hartuta bakoitzak duen esperientziaren arabera egin dezakeen ekarpena. Halaber, prozesuan zehar prestakuntza ekintzak antolatuko dira, tresna gehiago eskaintzeko eta proiektu bakoitzaren kalitatea indartzeko. 2021eko ekainaren 21a izango da amaierako agiria entregatzeko azken eguna; webgunearen bitartez aurkeztu beharko da.
- 3. Fasea: 20 taldeen ibilbide kooperatiboak. Sailkatutako 20 taldeek, enpresa aholkularien bitartez, aukera izango dute Arrasateko kooperatiba enpresa baten jarduera bertatik bertara ezagutzeko eta kudeaketa demokratiko baten berezitasunak ikasteko.
- 4. Fasea: epaimahai profesionalak sei talde finalistak hautatuko ditu. Epaimahai profesionalak sakon aztertuko du 20 proiektuetako bakoitza, balorazio irizpide berberak erabiliz. Kalifikatuko dira proiektuaren kalitatea, helburuekin zenbateraino bat datorren, zer aukera dagoen ideia gauzatzeko eta orijinaltasuna. Urriaren 4an emango da jakitera zein izango diren Mondragon City Challenge lehiaketako sei finalistak.
- 5. Fasea: sei talde finalistek proiektuen defentsa prestatuko dute. Talde finalistek urriaren 4tik azaroaren 15era arteko epea izango dute amaierako defentsa prestatzeko, azaroaren 19an egingo den ekitaldian.
- 6. Fasea: sei talde finalisten defentsa eta irabazleak aukeratzea, Arrasaten egingo den amaierako ekitaldian . Mondragon City Challenge lehiaketaren lehen edizioa Arrasateko Amaia antzokiak hartuko du. 2021eko azaroaren 19an, finalerako sailkatutako sei taldeek proiektuak defendatuko dituzte, eta epaimahai profesionalak irabazleak aukeratuko ditu. Han izango dira 6 finalistak, ikaskideekin, epaimahaiarekin, tutoreekin, enpresa aholkulariekin, lehenengo fasean sailkatutako gainerako 14 taldeekin eta lehiaketaren sustatzaileekin batera. Jardunaldi hori girotzeko, bestelako ekitaldiak ere egongo dira.
Epaimahai bi: profesionala eta teknikoa
Epaimahai profesionala
- María Ubarrechena Cid, Arrasateko alkatea
- Bruno Roelants, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko zuzendari orokorra
- Jokin Díaz Arsuaga, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria
- Iker Estensoro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia
- Joseba Sagastigordia, MONDRAGON Korporazioko Enpresa Sustapeneko zuzendaria
- Belén Balerdi, CSCE-EKGK Idazkaritza Nagusi Teknikoa
- Laida San Sebastián, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Ekintzailetzako koordinatzailea, eta Ekintzailetzako eta Berrikuntzako irakaslea eta ikertzailea Mondragon Unibertsitatean
- Aitor Lizarza Martin, Mondragon Team Academyko Ekintzailetzako koordinatzailea Mondragon Unibertsitatean
Epaimahai teknikoa
- Javier Bikuña, Saiolaneko zuzendaria-kudeatzailea
- Joseba Sagarna, Saiolaneko ekintzailetza proiektuen zuzendaria
- Ainhoa Arrizubieta, Azaro Fundazioko zuzendaria
- Yanoba Mariezkurrena, sustapen teknikaria Azaro Fundazioan
Kategoriak eta sariak
- 16-18 urte bitartekoak: bidaia Europako herrialde batera (*)
- 19 -24 urte bitartekoak: bidaia Hego Koreara (*)
- Orijinaltasunaren saria: 800 € dirutan
* pandemia amaitutakoan egingo dira bidaiak
Irabazleak 2021eko azaroaren 19an aukeratuko dira Amaia zinema antzokian, amaierako ekitaldian.