Mojategiko lanak amaituta, more kolorea hartu du atletismo pistak
2024/11/13Uztailean hasi zituzten Mojategiko argiteria eta atletismo pista eraberritzeko lanak. Ordutik, etengabe aritu dira lanean, eta, dagoeneko, eta azken ukituen faltan, amaitutzat eman dituzte lanak. Udal ordezkariak “pozik” agertu dira emaitzarekin. Guztira, 1,1 milioi euroko inbertsioa egin du Udalak Mojategin.
Atletismo pista morea
Berrikuntza nabarmenena atletismo pistaren kolorea izan da, morea. “Proiektua definitzeari ekin genionean Arrasateko bereizgarri den more kolorea atletismo pistari egokitzea pentsatu genuen, eta kirol elkarte zein teknikariekin kontrastatuta, bideragarri ikusi genuen. Emaitzarekin oso pozik agertu gara guztiok” adierazi du Kepa Urteagak, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak. Pista bera berritzeaz gain, ekipamendu guztia ere berritu dute: koltxonetak, hesiak, pertikak, salto egiteko area…
Kirol zinegotzia den Mikel San Miguelek, bere aldetik, kirol elkarteak dagoeneko pistan entrenatzen ari direla jakinarazi du. “Atletismo taldea asteburuan sartu zen pista erabiltzera, eta jaso ditugun mezuengatik, oso pozik daude berrikuntzekin. Ikasturte hasiera honetan, herriko beste instalazio batzuetan aritu dira entrenatzen, eta, dagoeneko, atletismo pista berrian entrenatzeko aukera izango dute aurrerantzean”.
LED sistemadun argiteria: efizientzia energetiko eta ekonomikorako
Mojategin dauden zortzi dorre argiak berritu dira, eta guztiak LED sistema jasangarriarekin berritu dira. Honek kontsumo energetiko txikiagoa ekarriko du, eta, aldi berean, argindarraren faktura nabarmen gutxituko da, “efizientzia energetiko eta ekonomikoa lortuko dugu” adierazi du Urteagak. Sistema berriak aukera emango du bi zelaietan argia erregulatzeko, erabileraren arabera egokitzeko.
Urtetik urtera kirol-instalazioak hobetzen
“Urtez urte kirol instalazioak berritu edo eta mantentzeko diru partida garrantzitsuak bideratzen ari gara, etorkizunerako inbertsioa baita. Musakolako gune honetan esaterako, Antoñako frontoia konpontzeko lanak abiaraziko dituzte urte amaierarako. Hala ere, jakitun gara oraindik lan handia dagoela kirol instalazio duinak izateko, baina lan horretan ari gara, eta epe ertainean hobekuntzak ikusten joango gara” adierazi du Mikel San Miguel kirol zinegotziak.