Miren Agur Meabe idazlea maiatzaren 12an Emakume Txokoaren ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioan
2022/05/05Datorren maiatzaren 12an, ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioak Miren Agur Meabe Plaza idazlea hartuko du Kulturaten. Arratsaldean, 19:00etan izango da, euskaraz.
Ibilbide luze eta oparoa du emakume protagonista Miren Agur Meabe Plaza idazleak. 2021ean Espainiako Poesia saria jaso zuen ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poesia liburuagatik. Idazleak, 2022tik Euskaltzain Osoa dena, sari eta esker on ugari jaso du helduentzako nahiz haur eta gazteentzako literatura lanengatik.
Elkarrizketatzaile lanetan Eider Rodriguez Martin idazlea izango da. Ipuin liburuez gain, literatura arlo asko jorratu du. Bere lehen eleberria 2021ean argitaratu du, ‘Eraikuntzarako materiala’, eta oraindik ere liburua aurkezten dihardu.
10 urtean ‘Emakumeak protagonista’
Emakume Txokoak antolatzen dituen ekimenen helburua denez berdintasuna sustatzea gizon eta emakumeen artean, saiakera berezia egiten dihardu emakumeen ekarpena ikusarazteko eta esparru guztietan egiten duten lana aintzat hartzeko. Helburu horrekin, duela 10 bat urte hasi zen ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa solasaldiko zikloa.
Elkarrizketa publikoen bitartez, emakume erreferenteak oholtza gainera igo dira, beren lana, ibilbidea eta hausnarketak plazaratzeko: Edurne Brouard, Maite Aristegi, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Ana Gabriel Sabaté, Garbiñe Biurrun, Virginia Imaz, Jeanne Roland, Ane Irazabal, Mari Luz Esteban… izan dira eta haiekin solasean, beste horrenbeste emakume elkarrizketatzaile lanetan: Maialen Iriarte, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Arantza Santesteban, Dorleta Kortazar, Iraitz Agirre, Ana Murcia, Maite Asensio...
Elkarrizketa saio horietan, protagonista izaten diren emakumeen lana eta ibilbidea ezagutzeaz gain, emakume horiek gertuagotik ezagutu ahal izan ditugu. Elkarrizketa horietan hausnarketa interesgarriak sortu dira emakumeek eremu guztietan parte hartzearen inguruan, eta hainbat oztopo, aukera eta erronka identifikatu dira, emakumeak arlo publikoan berdintasunean parte hartzeko.