Memoriaren eta elkarbizitzaren mahaia

2018/11/09
Card image cap
Mahai hau osatzearen xedea zen gure herrian gertatutakoaren oroimenari ekitea, ezinbesteko urratsa elkarbizitza berreraikitzeko

2016ko irailean, abian jarri zen Oroimenaren eta Elkarbizitzaren mahaia, Arrasateko udaleko indar politiko guztien parte hartzearekin: EAJ-PNV, EHBildu, PSE-EE , Baleike e Irabazi. Mahai hau osatzearen xedea zen gure herrian gertatutakoaren oroimenari ekitea, ezinbesteko urratsa elkarbizitza berreraikitzeko.  Zeregin hori aurrera eramateko, mahai honek baldintza batzuk sortu behar izan ditu elkar errespetuzkoak, zintzotasunezkoak eta konfidentzialtasunezkoak, eremu seguru bat eraiki ahal izateko, non jorratuko diren elkarrizketa delikatuak eta konplexuak. Horregatik, urte hauetan, hasierako zereginean aurreratzea bezain garrantzitsua izan da hori bermatzen zuen prozesua zaintzea.

Hilabeteetan elkarrizketa biziak izan ondoren —non oroimenaren eta giza eskubideen inguruan adituen lana eta aholkularitza izan diren ezinbestekoak—, posible izan da oinarrizko adostasunak lortzea oroimen partekatu bat eraikitzeko. Memoria honek kontuan hartuko du Arrasaten pairatutako giza eskubideen urraketa larriak eta bizi izandako sufrimenduak. Memoria honek, parekatu edo nahasi gabe, bai egin nahi dio leku bat gertatutako guztiari, ez dadin ahaztu ezer.  Beraz, ederto bete dugu mahaiak hasiera batean finkatu zituen helburuetako beste bat.

Urteotan, mahaikideok lan egin dugu era diskretuan, jakitun bizikidetzarako ekarpen hoberena zela elkarlana eta adostasuna… Memoriaren lan horiez gain, antolatu ditugu: ekintza batzuk batera, hala nola Memoriaren Karpa edo Su minetik bakera esperientzia; bultzatu dugu Kereila Argentinarra lekukotasunak bilduz eta Bergarako auzitegira eramanez, eta Buenos Aireskoari txertatu, Maria Servini epaileak bideratua, beste gai batzuk jorratzeaz gain herriko bizikidetzari buruz. Hala ere, ez da izan erraza, arrazoi asko izan dira mesfidati agertzeko eta asko izan dira gainditu beharreko oztopoak. Eramandako prozesua izan da eskuzabaltasun ariketa bat, elkarrekin egina, non lehenetsi den bizikidetza bultzatzea eta eraikitzea gure herrian.

Mahaiak beste helburu bat ere finkatu zuen, gertatutako guztia onartzea eta aitortzea, hortik aurrera zauriak, oraindik biziki irekiak, sendatzen laguntzeko eta herriko bizikidetzan ekarpen bat egiteko. Helburu hori lortzeko eta oinarri komun gisa hartuta Intxorta 1937 elkartearen memoria lanak eta Argituz elkartearenak, giza eskubideen aldekoa bera, aurki aurkeztuko baitira, mahai honek adostu ditu onarpen irizpide orokor batzuk. Dokumentu horretan, printzipio gidari batzuk bildu dira, udalak kontuan hartuko dituenak biktima guztien onarpen ekimenak antolatzerakoan , izan Arrasateko biktimak edo izan kanpokoak haien eskubideak herrian bertan urratu bazaizkie, baita ere, herriko beste sufrimendu batzuk tratatzerakoan.  Giza eskubideak urratu zaizkielako biktimen onarpen ekimenak antolatzerakoan, aintzat hartuko dira hainbat irizpide, ekimen horien koherentzia segurtatze aldera.

Kontuan hartuz jorratu beharreko garaia oso zabala dela, 80 urte baino gehiago militarren altxamenduaz geroztik, aintzat hartuko dira hainbat eta hainbat testuinguru eta behar, onarpen ekimen horien bitartez erreparatu ahal izan daitezen biktimek pairatutako kalteak.

Mahaiak irizpide batzuk adostu ditu, oinarritutakoak printzipio hauetan: elkarlana egitea, adostasuna lortzea, ez diskriminatzea eta ez parekatzea. Printzipio horiek betetzen dituzte dokumentuak bildutako urratsak eta irizpideak. Ezinbesteko elkarlana indar politiko guztien artean, eta erabakitze eremua izango da bozeramaileen batzordea edo  beste organo bat, zeinak bermatuko duen udalaren sentsibilitate politiko guztiak. Elkarlana biktimekin edo biktimen senideekin, haien beharrak aintzat hartzeko. Adostasuna, udalaren aldetik ekarpen onena, aurre egiteko biktimen eta haien senideen sufrimenduaren erreparazioari. Ez diskriminatzea, tratu bera ematea giza eskubideen urraketa berdinei, kontuan hartu gabe zeinek urratu duen edo urraketa zeinek sufritu duen, biktimei eman izan zaien tratamendu desberdina gainditzeko. Ez parekatzea, asko izan direlako sufrimenduak eta handia izan delako zauria, herriko bizikidetzan eragindakoa; hortaz, denak hartu behar dira kontuan. Hala ere, oinarritzat hartuta giza eskubideak, bereizketa egiten da nazioarteko estandarren arabera hartzen direnak giza eskubideen urraketa gisa eta haien aitortza eta erreparazio eskubideak argiki definituta daudenak. Eta erabaki politikoetatik eratorritako sufrimenduak, definitu gabe daudenez, adostasun politiko eta sozial baten beharra dutelako, ikusteko nola jorratu eta gogoratu behar diren. Horren adibide da dispertsio politikaren eta hark Arrasaten bizilagunen artean sortu eta sortzen duen sufrimendua.

Dokumentuak jasotzen du, bestalde, erakundetik bultzatu behar dela egia bilatzea eta kasuak argitzea, itxita ez badaude behar bezala edo  gehiago argitu behar badira. Kasuok bertsio ofiziala dute, baina nahiko elementu dago bertsio hori ezbaian jartzeko.

Akordio hau oinarri hartuta, memoriaren eta bizikidetzaren mahaian ordezkatuta gauden alderdiok konpromisoa hartzen dugu bide bati ekiteko: biktima guztiak erreparatzea eta herriko bizikidetza bultzatzea ezinbesteko urrats moduan, berriro ere halakorik errepikatu ez dadin. Horretarako, egutegi bat adostu dugu errekonozimendu ekintzak eta adierazpen instituzionalak egiteko, zeina hasiko den legealdi hau amaitu baino lehen eta jarraipena izango duen hurrengo legealdian.

Bide honetan lehen pausua izango da Isaias Carrascoren aitortza ekitaldia, azaroaren 24an. Jarraian  egingo dira Iñaki Etxaberen eta German Agirreren aitortzak, bai eta beste biktima mortal guztienak ere.  Bestalde, eta dispertsio politikak eragindako sufrimenduaren errealitateari erantzuteko, lantzen ari gara proposamen zehatz bat, ezagutzera emango dena urte bukaera baino lehen. Eta osotasun fisikoaren eta psikologikoaren urraketa aitortzearen esparruan, hala nola, tortura, 2019ko urtean ekingo zaio.

Bukatzeko, balioan jarri nahi dugu egindako lana, jorratutako bidea eta lortutako akordioak, hau guztia Arrasaten bizikidetzan eta memorian oinarritutako etorkizun baten alde.