Martxoaren 31ean abiatuko dugu 'Ontziratu zaitez!' kanpaina erosketetan tuperraren erabilera bultzatzeko.
2014/03/26'Ontziratu zaitez, erosketak ganoraz! Erabilizu tuperra!' lelo duen sentsibilizazio kanpaina berria martxoaren 31ean abiatuko dugu Arrasaten. Helburua argia da: arrandegi, urdaitegi eta harategietan erosketak egiterakoan sortzen diren hondakinak murriztea. Hala, beste hainbat herritan martxan dagoen ekimena Arrasatera ere helduko da.
Kutxako Ekoguneak jarri zuen ekimen hau martxan duela 3 urte Hernanin eta ordutik, 28 herrik egin dute bat honekin. Hala, Arrasate 29.a izango da. Kanpaina aurrera ateratzeko, sustatzaileak dendariekin egon ziren lehendabizi. Gurean herriko hamalau komertziok egin dute kanpainarekin bat; sei arrandegik eta zortzi harategik: Kresala –bi arrandegiak–, Eguren –biak–, Danarrain eta Itsaski arrandegiek eta Saburdi, Salegi, Otamendi, Landaluze, Gorka, Agirre-Etxe, Kortaberri eta Txomin harategiek.
Martxoaren 31tik aurrera, beraz, Arrasatearrek beren erosketak tuperrekin egiteko aukera izango dute herriko 14 komertzio hauetan.
Martxoak 28 eta 29an Seber Altube plazan
Sustatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte erosketak tuperrekin egitera. Horretarako norberak bere tuperrak erabil ditzake edo kanpainarako sortutako ontziak eskura ditzake euro erdiren truke.
Ontzi horiek erosi eta kanpainaren gaineko argibideak jasotzeko Hondakinen Mahaiko ordezkariak egongo dira Seber Altube plazan: martxoaren 28an 10:00etatik 12:00etara eta martxoaren 29an, 11:00etatik 13:30era. Ontziak ondoren ere eskuratu ahalko dira, kanpainan parte hartzen duten arrandegi eta harategietan.
Zozketak hilabetero komertzio bakoitzean
Ontziratu zaittez! Erosketak ganoraz, erabilizu tuperra! kanpainak 6 hilabeteko iraupena izango du eta erosketak egiteko ontzi berrerabilgarriak erabiltzen dituztenei zozketa berezietarako txartelak emango zaizkie denda bakoitzean.
Hilean behin, 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo da denda bakoitzean eta saridunak establezimendu horretan erabili beharko du. Sariaren %50a kanpainak finantzatuko du.