Martxoaren 22an ospatuko da Zuhaitz Eguneko zuhaitz landaketa herrikoia, 400 zuhaitz landatuz
2025/03/14
400 zuhaitz landatuko dira auzolanean datorren zapatuan, hilaren 22an, Etxezarretako lurretan. “Goiz pasa ederra izaten da, naturan eta lagunartean pasatzekoa. Eta auzolanaren amaieran parte hartzaile guztiei hamarretakoa emango zaie, eta haurrei mokadutxoa banatuko zaie poltsatxoetan” adierazi dute Udal ordezkariek. Haur zein helduen arteko auzolan honetan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea.
400 zuhaitz inguru landatuko dira Etxezarretan
Zuhaitz landaketa izan ohi da Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusiena. Batzuetan Zuhaitz Egunarekin batera egin bada ere, badira salbuespenak, eta aurtengoa ere, horietako bat izan da. Aurtengo helburua da 400 zuhaitz horiek, jabetza publikoa den Etxezarreta parkean hektarea bateko azaleran landatzea.
Horretarako, hitzordua goizeko 10:00etan izango da eta Musakolako San Isidro elizatik abiatuta. Landaketa lanak amaitzean lunch txiki bat egongo da. Parte hartu nahi duten herritarre izenemateak.arrasate.eus atarian eman beharko dute izena, edota 943 25 20 00 telefonora deituz. Gomazko katiuskak eramatea gomendatzen da.
Herri lurretan biodibertsitatea zaintzea helburu
Azkeneko urteetan hainbat Zuhaitz Egun ospatu dira, eta horri esker ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako herri lurretan.
Bosgarren urtez zuhaitz landaketa Etxezarretan egiten jarraitzea erabaki da, izan ere, Arrasateko Udalak, 2019. urtean erositako 83 hektareako lursail honetatik, 63 hektarea gutxi gora behera pinudia izandakoa zen. Dagoeneko, urtetik urtera egindako auzolanen ondorioz, 2,2 hektareako eremua birlandatu da.
Etxezarreta parkea, Arrasateko ekialdean kokatzen da, Musakola auzoan. Garrantzi handia dauka biodibertsitatearen ikuspegitik, eta Udalak enkargatuta egindako biodibertsitate azterketak ondorioztatu zuen birsortze naturala oso ona dela. Eremu batzuetan harizti kantauriarrari lagundu beharra ere azaltzen zuen azterketak eta, horregatik, azken urteetan haritzak eta hariztietan sortzen diren beste hostozabal batzuk landatu dira.
Aurtengo edizioan, landatuko diren espezieak, askotarikoagoak izango dira. Honako espezie hauek landatzea aurreikusten dira: 195 Haritzak (Quercus robur eta Quercus petraea), 24 Gorostiak (Ilex aquifolim), 24 Haltza (Alnus glutinosa), 48 Urkia (Betula celtiberica), 24 Lizarra (Fraxinus excelsior), 49 Artea (Quercus ilex), 24 Astigar zuria (Acer pseudoplatanus) eta 12 Basagurbea (Sorbus torminalis).