Martxan dira "Zeuk iñ, zeuk jan" bazkarirako antolakuntza lanak
2017/06/14San Juan festak gero eta gertuago ditugu eta Arrasate hasia da dagoeneko antolakuntza lanetan. Jai egun horietarako antolatutako ekintzen artean, Zeuk iñ Zeuk Jan bazkari herrikoiaren arrakasta eta honek herritarren artean pizten duen interesa ikusirik, Udalak aurtengo bazkarirako ezarritako oinarri zein zehaztasunen berri eman du.
Horiek horrela, bazkaria hilaren 25ean egingo da, aurtengoan ere, azoka plazan. Hori espazio itxia denez, horrelako ospakizunetan, bertakoen segurtasuna bermatze aldera, Babes Planak ezarritako neurriak errespetatu behar dira, hau da, larrialdietarako sarrera/irteerak jarri etab. Ildo horretatik, Plana betetzeko azoka barruan egon daitekeen jende kopurua mugatua bada ere, 568 lagunentzako lekua egongo da, iaz bazkarian parte hartu zuten lagunen kopuru antzerakoa.
Izen ematea hilaren 15etik 21a arte (edo plazak bete arte) egongo da zabalik. Bazkarian parte hartzeko interesdunek http://www.arrasate.eus/eu/tramiteak/izen-ematea helbidean apuntatu ahal izango dute. Behin izen emate epea amaituta, eserlekuen kokalekua zozketatu egingo du Udalak.
Janaria prestatzeko tresneriari dagokionean, bakoitzak berea eraman beharko du eta horiek berrerabilgarriak izan beharko dute. Dena den, Udalak eskura izango ditu hainbat edalontzi eta plater hala behar dutenentzat. Era berean, azoka plazatik kanpo gune bat ezarriko da janari prestaketarako eta bertan, Udalak su kopuru jakin bat ere izango du. Horiek erabili ahal izateko, ordea, eskaera aurrez egin beharko da eta ondoren zozketa egingo da eskatzaileen artean.
Bazkariko material guztiek jasota egon beharko dute arratsaldeko 19:00etarako.
Azokako Babes Plana:
Esan bezala, herriko azoka plaza espazio itxi eta edukiera mugatuko lekua da. Horregatik ezinbestekoa da auto-babes plana betetzea eta horretarako aurrez ezarritako gehiengo jende kopurua errespetatzea, larrialdi, ihesbide eta igarobideak ez oztopatzea, larrialdietarako baliabideak zaintzea eta arduradunen esan zein aholkuak betetzea eskatu du Udalak.