Martxan da Herri Eskolako Erguin eraikineko komunak berritzeko proiektuaren adjudikazio prozesua
2021/03/12Arrasateko Udalak urratsak ematen jarraitzen du herriko azpiegiturak eta instalazioak hobetzen, eta horri jarraituz, onartu berri du Herri Eskolako Erguin eraikinean komunak berritzeko lanak adjudikatzea.
Lizitazioa lehiaketa publiko bitartez egingo da eta horren oinarrizko aurrekontua 156.897,11 euro izango da (BEZ barik), betiere eskaintzen arabera aldatu daitekeena. Udalaren asmoa da behin lanak adjudikatuta 8 asteko epean komunak amaituta izatea.
Ildo horretan, uda sasoia aprobetxatuko da berrikuntza lanak egiteko, hain zuzen, ekainetik abuztura bitartean, haurrak oporretan daudenean eta eskola itxita dagoenean, alegia, obrek ez dezaten ezelako eragin edo sortu oztoporik irakasleen eta ikasleen egunerokotasunean.
Udaletik adierazi dute: “udal honen helburu nagusietako bat da arrasatearrei kalitateko azpiegiturak eskaintzea, eta Erguin eraikineko kasuan horixe lortu gura dugu. Exekuzio epea betez gero, ikasturtea hasi orduko, obra guztiak amaituta egongo dira eta komun berriak prest; modu horretara, erabiltzaileei kalitateko instalazio berrituak eskaini ahal izango dizkiegu”.