Emakume Txokoak baliabideak jarri ditu Maritxutan indarkeria matxistari aurre egiteko

2024/09/30
Card image cap
Arretarako telefonoa 688 809 137 telefonoa izango da, eta, arreta gunea, berriz, Gazte Bulegoan egongo da. Informazio gunea: Arbolapetan, 18:00etatik 00:00etara.

Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ sailak, Maritxu Kajoi jaiei begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, aurten ere hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko ditu, hala nola indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, arreta puntua eta arretarako telefonoa.

Azken hori urteroko telefono zenbaki berbera izango da, 688 809 137 zenbakia. Egubakoitz arratsaldeko 18:00etatik zapatuko goizeko 8:00etara egongo da erabilgarri, eta laguntza eskatzeaz gain, informazio edo aholkua emango dute.

Informazio gunea Arbolapetan

“Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea” Arbolapetan egongo da Maritxu Kajoi egunean, urriaren 4an, 18:00etatik 00:00etara. Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko.

Gune horren helburuak dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gune bat sortzea eta bitartekoak ematea indarkeriari aurre egiteko, erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela, eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea.

Arreta puntua Gazte Bulegoan

Bestetik, jai egunerako propio, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan. Gauerdian jarriko da martxan, 00:00etan, eta zapatu goizaldera arte egongo da, 08:00ak arte. “Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefensa feministan emakume adituak aurkituko dituzu han. Horrez gain, espazioa irekita egongo da, LGTBI komunitateak jaso ditzakeen erasoen aurrean” adierazi dute udal ordezkariek.

Eragileekin eta teknikariekin koordinazioan

Emakume Txokotik eskaintzen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, hala nola Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin nahiz herriko beste eragileekin.