Arrasateko Udalak iragarri du bat egiten duela Maritxu Kajoi Komisiñuak hartu duen erabakiarekin Maritxu Kajoi Eguna ez ospatzeko, eta kontrol neurri bereziak hartuko dituela

2020/09/23
Card image cap
Arduraz jokatzeko garaia da, eta herritar zein bisitariei dei egiten diegu jairik ez ospatzeko. Arrasaten ez da izango jai ekitaldirik, ez gaueko autobus linearik, ezta inolako zerbitzu gehigarririk ere

Arrasateko Udalak bat egin du Maritxu Kajoi Komisiñuak hartu duen erabakiarekin 2020ko Maritxu Kajoi eguna ez ospatzeko: “arduraz jokatzeko garaia da eta dei egiten diegu herritar zein bisitariei jairik ez ospatzeko.”

Bide horretan, Arrasateko Udalak dei egiten die herritar zein bisitariei Maritxu Kajoi eguna ospatu ez dezaten: “Arrasaten ez da izango jai ekitaldirik, eta, beraz, eskatzen dugu kanpotik ez dadila inor etorri Maritxu Kajoi eguna ospatzen”.

Egubakoitza denez, ohiko lan eguna izango da, inolako jai girorik gabekoa, eta udalak iragarri du herriko 4 sarreratan (Araba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea, Nafarroa etorbidea, Uribarri etorbidea) paso kontrolak ezarriko dituela arratsaldeko 18:00etatik aurrera Ertzaintzaren laguntzarekin; beraz, Arrasatekoak ez direnei dei egiten zaie ez etortzeko.

Gainera, ez da egongo urtero egon ohi den autobus zerbitzu gehigarririk, ezta ere, gaueko autobus zerbitzu berezirik. Beraz, ez da egongo erraztasunik kanpostik Arrasatera etortzeko. 

Arrasateko Udalak nabarmendu du egun horretan Udaltzaingoa kalean ibiliko dela Ertzaintzarekin elkarlanean, eta gogora ekarri du tabernen itxiera ordutegiak zein boteloiak kontrolatuko direla. Arautegiak ezartzen duen moduan, tabernek ezingo dute zerbitzatu gaueko 24:00etatik aurrera, eta taberna guztiz itxita egon beharko da goizaldeko 01:00etan. Kale edana egiteko jarduera dela-eta gogorarazten da debekatuta dagoela horiek egitea eta arau hauste horregatik isuna 1.200 € artekoa izan daitekeela. 

“Azken egunotan Covid-19aren positibo kopuruak gora egin du, eta inoiz baino beharrezkoagoa da segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzea. Konponbidearen parte izan behar dugu guztiok, bat eginik”.