Maitena Monroyk "Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no" liburua aurkeztuko du, Emakume Txokoaren eskutik

2024/11/06
Card image cap
Azaroaren 12an,  martitzenean, Maitena Monroy idazle bilbotarrak iaz argitaratutako Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no (Autodefentsa feminista. Ezetz esaten ikasteaz harago) liburuaren aurkezpena egingo du, Arrasateko Emakume Txokoan, Debagoienako Guerreras elkarteak gonbidatuta. Arratsaldeko 18:30ean izango da aurkezpen solasaldia.

Autodefentsa feministan aditua eta aitzindaria da liburuaren egilea. Eremu honetan eta militantzia feministan egindako ibilbide, ikerketa eta esperientzian oinarritutako liburua aurkeztuko du Emakume Txokoan. Egilearen esanetan “Autodefentsa feminista indarkeriari aurre egiteko ez ezik, patriarkatua gure gorputz eta buruetatik desagerrarazteko ere ezarri behar dugun baliabideetako bat da”.

Autodefentsa feminista ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako estrategia bat da, erakunde feministetatik sortua, emakumeei indarkeria matxista identifikatzen laguntzeko, indarkeria horretatik defendatzeko, modu ikusgarri eta ikusezinetan. Prebentziorako eta bidezko defentsarako tresna teoriko praktikoa da. Kontua ez da agerikoa den indarkeriaren aurrean bakarrik jarduten jakitea, baizik eta gure eguneroko bizitzako alderdi guztietan, autodefentsarako lehen ariketa gisa despatriarkalizatu ahal izateko.

“Autodefentsa feministak ez du dena konpontzen, baina feminismoak ematen digun tresna-sare horren parte da, eta tresna horiek aberastu eta indartu egiten gaituzte, ez bakarrik jarduteko, baizik eta elkarrekin eraldatzeko”.

Hausnarketa kolektibo horretarako ateak zabalik izango dira Emakume Txokoan azaroaren 12an, Maitena Monroy eta Guerreras taldearen eskutik. Zuen zain izango gara!

 

Egun: Azaroak 12, martitzena

Ordua: 18:30

Lekua: Emakume Txokoa

Gaztelaniaz