Maiatzean eta ekainean bisita historiko eta mendi ibilbide ugari aukeran Arrasate ezagutzeko
2022/05/11Uda sasoiaren atarian, Arrasateko Udalak maiatzean eta ekainean bisita historiko zein mendi ibilbidez osatutako turismo eskaintza eman du ezagutzera, herritarrei zein kanpotik herrira hurbiltzen direnei aukera eskainiz Arrasate sakon-sakonetik ezagutzeko
Horri jarraikiz, ‘Arrasate, gertuko turismoa’ lelopean, hain zuzen 7 mendi ibilaldi, 3 ibilbide misto eta 4 bisita historiko prestatu ditu udalak ekainaren 19a bitarte. Horietako bi, asteburu honetan egingo direnak, maiatzaren 14an eta 15ean, ‘Geoturismoa Debagoienean’ urtero egiten diren bisita bereziak dira. Bailarako ondare geologikoaz baliatuz, herri guztietan antolatu dira irteerak.
Helburua da herriko ondare historiko zein naturala balioan jartzea eta ezagutzera ematea, baina, aldi berean, herriko garapen ekonomikoari bultzada ematea. “Turismo eskaintza honen bitartez, herritarrei zein bisitariei hainbat plan eskaini gura diegu Arrasate ezagutu dezaten, hainbat eta hainbat aukera herrian bertan egiteko, alegia. Horren bitartez, gure asmoa edo nahia da tokian tokiko kontsumoa bultzatzea, hau da, herritarrek zein bisitariek Arrasaten kontsumitzea, besteak beste, herriko merkataritzaN, ostalaritzan eta ostatuetan. Eta horretarako guztirako, turismo eskaintza erakargarria osatu dugu”, azaldu du udalak.
Bisita hauek:
- Maiatzaren 14an: Galarrako Koba (Geologia Debagoienean).
- Maiatzaren 15ean: Kobandi eta Lezetxiki. Ingurune karstikoa (Geologia Debagoienean).
- Maiatzaren 21ean: Vasco-Navarro bide berdea Etxezarretatik.
- Maiatzaren 22an: Monterron-San Kristobal-Meatzerreka.
- Maiatzaren 29an: Murugain mendiari bira egitea.
- Ekainaren 4an: Arrasateko pertsonaia esanguratsuak.
- Ekainaren 5ean: Arrasateko bira, ekialdea.
- Ekainaren 11: Arrasateko armarriak.
- Ekainaren 12an: Udalatxera igotzea Kanpanzartik.
- Ekainaren 18an: San Balerio, Benakeruen Kofradia.
- Ekainaren 19an: PR Gi 106 Arrasate - Arantzazu, Erromes bidea.
Izen emateak, halaber, zabalik daude dagoeneko, eta interesdunek izena eman ahal izango dute BAZen, 943 25 20 00 telefonora deitu, turismo@arrasate.eus helbidearen bitartez, eta www.arrasate.eus/ezagutu webgunearen bitartez. Antolatutako ekintzetan izena emateko azken eguna izango da irteera aurreko egubakoitzean, 12:00ak arte.