Maiatzean eta ekainean ere bisita historiko eta mendi ibilbide andana Arrasate ezagutzeko

2021/05/11
Card image cap
Hilaren 16tik ekainaren 26ra bitartean 6 mendi ibilaldi eta 6 bisita historiko eskainiko dira Arrasateko historia, industria edo eraikin garrantzitsuenak zein ingurune naturala ezagutzeko.

Uda sasoiaren atarian, Arrasateko Udalak jada aurkeztu du maiatz eta ekain bitarteko turismo eskaintza, herritarrei zein kanpotik herrira hurbiltzen direnei Arrasate sakontasunean ezagutzeko, bisita historikoen zein mendi ibilbidez osaturiko egitarauarekin.

Horri jarraikiz, “Arrasate, gertuko turismoa” lelopean, hain zuzen 6 mendi ibilaldi eta 6 bisita historiko prestatu ditu udalak maiatzaren 16tik ekainaren 26ra bitartean. Helburua da herriko ondare historiko zein naturala balioan jartzea eta ezagutzera ematea, baina, aldi berean, herriko garapen ekonomikoari bultzada ematea. “Turismo eskaintza honen bitartez, herritarrei zein bisitariei hainbat plan eskaini gura diegu Arrasate ezagutu dezaten, hainbat eta hainbat aukera herrian bertan egiteko, alegia. Horren bitartez, gure asmoa edo nahia da tokian tokiko kontsumoa bultzatzea, hau da, herritarrek zein bisitariek Arrasaten kontsumitzea, besteak beste, herriko merkataritza, ostalaritzan eta ostatuetan. Eta horretarako guztirako, turismo eskaintza erakargarria osatu dugu”, azaldu du udalak.

Izen emateak, halaber, zabalik daude dagoeneko, eta interesdunek izena eman ahal izango dute BAZen, 943 25 20 00 telefonora deituz eta www.arrasate.eus/ezagutu webgunearen bitartez. Antolatutako ekintzetan izena emateko azken eguna irteera aurreko egubakoitzean izango da, goizeko 12:00ak arte.

Azpimarratu behar da, jakina, bisita eta ibilbide guztiak egingo direla prebentzio, segurtasun eta higiene neurri guztiak hartuta eta errespetatuta, betiere herritarren zein bisitarien osasuna eta ongizatea bermatzeko.

 

Esku orria bertan.

 

Arrasate zure kasa:

Aukera horiez haratago, norbaitek Arrasate ezagutu gura izango balu bere kabuz eta bere kasara, gomendatzen da erdigunean dauden ibilbideak egitea, hala nola Erdi Aroko ibilbidea eta industria ondarearen ibilbidea.