Irailaren 26an Lore eskaintza eta ‘Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956' liburuaren aurkezpen ekitaldia

2022/09/22
Card image cap
Irailaren 26an 86 urte beteko dira tropa frankistak Arrasaten sartu zirenetik

Datorren irailaren 26an 86 urte beteko dira tropa frankistak Arrasaten sartu zirela. Arrasaten kolpe militarraren aurka agertu ziren pertsonek, gizonezkoak zein emakumezkoak edo haurrak, giza eskubideen urraketak jasan zituzten eta, nola edo hala, milaka pertsona zigortu zituzten.

Egun horretan ekitaldi bi egingo dira, Arrasateko Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak antolatuta:

  • Lore eskaintza. 18:30ean Arizmendarrieta plazan dagoen monolitoan.
  • ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburuaren bigarren argitalpenaren aurkezpen ekitaldia. 19:00etan Etxaluzen.

Liburuaren 2. edizioa, testigantza gehiagorekin

2017ko irailean, Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiak, Arrasateko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek osatua,  Intxorta 1937 Elkarteari agindu zion memoria bat egiteko 1936-1956 aldian udalerrian gertatutakoari buruz: ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’.

Liburu honek Intxorta 1937 Elkarteak hainbat hamarkadatan egindako lanak, ikerketak eta bestelako argitalpenak hartzen ditu oinarri. Abiapuntu historikoa da diktadura eta Primo de Riveraren Monarkia erori eta Errepublika ezarri zen garaia.

Udalerriaren historia errekuperatzeko eta gertatutakoa ezagutarazteko asmoz, bigarren urrats bat eman da: liburuaren bigarren edizio bat egin da, herritar askoren testigantza berriekin osatua. Liburua modu digitalean irakurri daiteke www.arrasate.eus eta www.intxorta.org webguneetan, eta irailaren 26an formatu fisikoan eskuratu ahal izango da.

Ekitaldia zabalik dago interesdun guztientzat.