Lokal hutsetan negozio berriak sustatzeko programaren bigarren edizioa abian da
2021/07/21Arrasateko Udalak herriko merkataritza ehuna babestearen alde, jarraipena emango dio iaz martxan jarritako programari, aurten lokal hutsetan negozio berriak sustatzeko. Horri jarraikiz, herriko lokal hutsetan merkataritza eta zerbitzu negozio eredu berriak irudikatuko dira, modu horretara lokal horretan garatu daitezkeen negozio ereduak bistaratu eta ekintzaileek lokalaren balioa aintzat hartu dezaten, saltoki berriak abian jarri ahal izateko.
Gauzak horrela, udalak aurrekontua jaso du proiektua aurten 12 lokaletan garatzeko, guztira 15.000 euro. Lokalaren erakusleihoan hainbat elementu jarriko dira: merkataritza proiektuaren argazkiak ( hainbat ikuspegirekin), lokalaren planoak hainbat ikuspegirekin eta lokalaren ezaugarriak biltzen dituen panel bat. Horrez gain, erakusleihoa apaindu egingo da, itxura erakargarria izan dezan.
Programan parte hartzeko ezinbestekoa izango da ostalaritzakoa ez den lokal huts bat jabetzan izatea eta lokalak erakusleihoa izatea. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 5era arte BAZen, udalaren webgunean edo merkataritza@arrasate.eus helbidean.
Behin eskaera guztiak jasota, ezarritako irizpideen arabera aukeratuko dira lokalak: kokalekua, auzoa, eremuaren beharrak, lokalaren aukerak … Lokalak irailean aukeratuko dira, eta urri bitartean proiektuak landuko dira; erakusleihoen muntaiak, halaber, abenduan egingo dira.
Ekimenak helburu nagusi bi ditu: batetik, herriko lokaletan ekintzailetza proiektuak garatzeko alternatibak mahai gainean ipintzea eta, bestetik, lokal hutsak baloratzea, aukera piztuz modu horretara kaleak biziberritu, merkataritza sustatu eta udalerrian kalitateko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal bat izateko.
Informazio gehiago eskuratzeko, deitu 943 25 20 17 telefonora edo idatzi merkataritza@arrasate.eus helbidera.
2020an, 11 proiektu irudikatu ziren
2020an abiatutako lehen edizioan guztira 16 lokalen jabeek eman zuten izena. Udalerriko erdialdean eta auzoetan San Andresen, Musakolan eta Erguinen. Lokalak aztertu eta bideragarritasuna ikusita, eta tartean lokalen bat alokatu zelako, azkenean 11 lokalek parte hartu zuten proiektuan.
Lokalen ezaugarrien arabera, kaleak zuen bizitza komertziala eta zerbitzuen beharra kontuan hartuta, osagarriak izan daitezkeen jarduerak proposatu eta landu ziren. Proiektu horiek panel batzuetan irudikatu ziren, eta erakusleiho itxura eman. Modu horretan, erakusleihoan ikusi daiteke lokal horretan zer jarduera garatu daitekeen, ideiak emateko merkataritzako proiektuak hasteko gogoarekin egon daitezkeen ekintzaileei.
Proiektu bereziak eta berritzaileak proposatu ziren, lagundu dezaketenak herriko merkataritza suspertzen eta ekintzailetza sustatzen: Brunch&cake (garbitegia: arropa garbitu bitartean eta zain zaudela, kafe bat hartzeko espazioa), Gure geltokia (ekitaldiak egiteko aretoa), Fashion hemen (showroom, bertako moda diseinatzaileen topagunea), Artile (artilearekin lan egiteko denda tailerra), Kunkla (estanpazio tailerra), Erosketa (herrian egindako online edo telefono bidezko erosketa zerbitzu biltegia), Loving artisautza (leku hau diseinatuta dago Arrasateko artisautzaren munduari ikusgaitasuna emateko), Argi-tu (argi denda tailerra), WeARwork (coworking gunea), Lixar (gozoki denda), eta Etxe-home (etxerako apaingarrien eta osagarrien denda).
Erakusleihoan bertan zehaztu ziren lokalaren ezaugarriak eta zer bide dagoen jabearekin zein udalarekin harremanetan jartzeko, interesdunek kontsultak egin ahal izateko.