Liburuaren Eguna ospatzeko egitarau zabala aurkeztu du Udal Bibliotekak apirilerako
2025/03/25
Hasteko, apirilaren 2an, Komiki Klubean Julen Ribas marrazkilari arrasatearra eta Iban Zaldua idazlea izango dira, beraien azken lanari buruz hitz egiteko. Saio hau herritar guztiei irekita egongo da.
Apirilaren 3an haurrentzako antzerki musikatua eskainiko dute Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok, “Itsas (h)ondokoak” saio dibertigarrian.
Apirilaren 4an Ana Galarraga eta Petti izango dira Bibliotekan, hitzak eta kantuak uztartzen dituen “Frankenstein agurgarria” errezitaldi iradokitzailearekin.
Apirilaren 5ean Kulturateko Klaustroan haur txiki eta familiek hartuko dute protagonismoa. Arraguak sortutako “Espazio espezieak” instalazioan jolastu eta esperimentatzeko aukera egongo da.
Azkenik, apirilaren 8an Santa Marinako auzo bibliotekan Maite Franko kontalari xarmagarriarekin emango dio Bibliotekak amaiera ospakizunari.
Izen ematea webgunetik
Aipatutako hainbat ekintzek ezinbestekoa izango dute aurretiazko izen ematea. Horretarako aukera egongo da izenemateak.arrasate.eus atarian.