Lezetxiki - Leibar eremuari dagozkion irudien aurrean, Arrasateko Udal Gobernuak honakoa adierazi du:
2023/02/03Hain zuzen, gaur goizean, otsailak 2, bilera bat gauzatu da Udalean eta bertan hartu dute parte Arrasateko alkatearekin batera, Udaleko Hirigintza, Ingurumena eta Kultur sailak, Besaide Mendizale Elkarteak, Lezetxiki-ko aztarnategian aditua den Alvaro Arrizabalaga arkeologoa, eta Arrasate Zientzia Elkartea. Bilera honi jarraipena emango zaio otsailaren erdialdean, gaiari dagokion kudeaketaren ostean jasotako informazioa partekatzeko eta hurrengo pausoak zehazteko.
Udal Gobernuak honakoa adierazi nahi du:
- Lezetxiki – Leibar eremua Udal Planeamenduan Babes Arkeologikoa duen mendi gisa izendatuta dagoela eta irudiek adierazitako kalteen eta horien ondorioen inguruko asaldura eta ardura sortu duela Udal Gobernuan, herritarrengan bezala.
- 2022ko uztailaren 13an Babes Bereziko Kultur Ondare izendatuta dagoen Lezetxiki-ko aztarnategiak ez duela kalterik jasan.
- Lezetxiki - Leibar karstaren eremu baten gertatu da lurjauzia, AHT-ren tunel batetik oso hurbil. Ezagutzen diren planimetrietan Lezetxiki - Leibar karsta eta AHT-ko tunela urrun egon beharko lirateke, eta ez, alboan, komunikabideetan agertzen diren argazkietan bezala. Hau horrela, funtsezkoa da eremuaren planimetria zehatza izatea.
- Funtsezkoa da ere jakitea lur jauzia gertatu den eremuan kontrol arkeologikorik egin den edo ez; sedimentu arkeologikoak baleude, potentzialitate arkeologikoa izango lukeelako eremuak.
- Horrela, Lezetxiki Arrasateko ondare naturala izanik, Udalak ADIF-i, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari atxikitako enpresa-erakunde publikoari, zeina trenbide-sektorearen dinamizatzailea eta abiadura handiko trenbideen eraikuntzaz arduratzen den, eskatuko dio obren inguruko informazio eguneratua helaraztea.
- Ondorioz, Udal Gobernuaren eskaria hurrengoa izan da:
- Eremuko peritutza patrimoniala egin den edo ez, zein den eta egin bada txosten arkeologiko horren kopia bat.
- Eremuaren planimetria zehatza eta AHTaren obren plano eguneratuak.
- Zein izan den kalteen kausa eta nori egotzi dakizkiokeen.
- Zein neurri hartuko diren gertatutakoaren aurrean.
Hala ere, Udala gainontzeko erakundeekin harremanetan jarraitzen du eta gaur arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo talde bat bertaratuko da eremua aztertzera.
Arrasateko Udal Gobernuak berretsi du Lezetxiki, herriko ondare naturala izanik, babesten jarraituko duela. Hain zuzen, gogorarazi du Udal Gobernuak eskatuta, 2022ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak, Arrasateko Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa eta bere ingurua Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzen duen dekretua onartu zuela, Gune Arkeologiko kategoriarekin.
Gaia gertutik jarraitzeko konpromisoa adierazi du Udalak, eragile zein erakundeekin elkarlanean, eta herriko ondarea zein Lezetxiki - Leibar eremua babesten jarraituko duela berretsi du.