Leixuri Doyagueren ‘Irriherri’ kartelak iragarriko ditu 2020ko Arrasateko iñauteriak

2020/02/11
Card image cap
Epaimahaiak lanaren “originaltasuna, teknika, muntaia eta gaiarekin duen lotura estua” jarri ditu balioan. Doyaguek, kartel lehiaketaren irabazle suertatuta, 400 euroko saria eskuratu du

Leixuri Doyagueren ‘Irriherri’ lana suertatu da 2020ko Arrasateko Iñauterietako Kartel Lehiaketako aukeratua. Guztira 18 lan aurkeztu dira. 20 urte baino gehiago dira iñauterietako kartela aukeratzeko lehiaketa burutzen dela.

Iñauterietako Kartel Lehiaketako epaimahaia Juan Ramon Mendieta Garay, Kultura eta Euskara Batzordeburuak; Amaia Bengoa, Kulturateko Pintura Ikastaroen Irakasleak; Jesus Mari Egidazu, SUDC elkarteko partaideak; Iñaki Gurrutxaga, Karnabaletako herri batzordeko ordezkariak, eta Mikel Loiti, Termitak taldeko—2019ko taldekako mozorro lehiaketaren irabazlea— ordezkariak osatu dute.

Epaimahaiak lanaren “originaltasuna, teknika, muntaia eta gaiarekin duen lotura estua” jarri ditu balioan. Eskertu dute herritarren parte-hartzea eta zoriondu guztiak aurkeztutako lanengatik.

Doyaguek, kartel lehiaketaren irabazle suertatuta, 400 euroko saria eskuratu du. Bera ezaguna da honelako lehiaketetan, Sanjoanetako kartel lehiaketaren garaile izan baita azken bi urtetan.