Leire Arregi Vicentek Martxoak 8ko XXII. kartel lehiaketa irabazi du

2019/02/26
Card image cap
"Sentitu, pentsatu eta ekin feminismoari” da aurtengo leloa

2019ko  MARTXOAK 8ko XXII. Kartel Lehiaketarako aukeratu dugun leloak "Sentitu, pentsatu eta ekin feminismoari” emakumeon bizipen eta hausnarketa propiotik aldarrikapen eta borroka kolektiborako gonbidapena egiten digu. Horrela, gure gorputzak eta bizitzak zeharkatzen dituzten azpiratze egoerei aurre egiteko, lanketa pertsonala eta kolektiboaren beharra eta gogoa adierazten duten lanak aurkeztu dira lehiaketara, lelo horren bueltan. Azpiratze egoera horiei aurre egiteko feminismora hurbiltzeko eta feminismotik eragiteko deia egiten digute aurkeztutako lanak. Aldi berean, gure gorputzetatik,adimenetik eta elkar hartzetik sortzen den indarra eta eragiteko gaitasuna adierazten dute.

15 lan aurkeztu dira, ikuspegi propioa eta kalitatezkoa erakutsi dutenak.

Horietatik, irabazlea Leire Arregi Vicentek aurkeztutako lana izan da, “begietara begira” leloarekin aurkeztu duena. Hain zuzen begien eta begiraden joko interesgarria egiten du kartelean Leire Arregik eta lehiaketako leloak barnebiltzen dituen alderdi edo eta urratsak oso modu indartsuan adierazten ditu. 

Leire Arregiren lana izango da aurtengo Martxoak 8ko kartelaren irudia eta herriko elkarte eta eragile feministekin, elkarrekin antolatu dugun egitaraua iragarriko duen esku orrikoa ere.

Kartelen aukeraketan, M8 Plataformaren deialdiari erantzunez, Emakume Txokora hurbildu diren emakumeek parte hartu dute. Elkarrizketa interesgarriak sortu dira kartelak baloratzeko orduan eta leloari nola egokitzen ziren hitz egiterakoan.

Emakume Txokotik eskerrak eman nahi dizkiegu bai lehiaketan parte hartu duten guztiei eta aukeraketan lagundu duten lagun guztiei ere.

XXII. Kartel lehiaketara aurkeztutako 15 lanak ikusteko aukera egongo da, martxoaren  4etik 15era, Emakume Txokoan egingo den  MARTXOAK 8KO KARTELEN ERAKUSKETAn.

Ordutegia izango da, astelehenetik eguenera 15:30etatik 18:30etara eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00etara.