Lantokietara oinez edo bizikletaz joatea sustatzeko programa abiatuko dugu Debagoienean

2014/06/19
Card image cap
Debagoienean egingo da lehenengo aldiz horrelako programa bat. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Arrasateko, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Oñatiko Udalek inplikatu gara urriaren 1ean hasiko den kanpaina honetan

Debagoienako lantokietara oinez eta bizikletaz joateko ohitura sustatu nahi du, eta horretarako, ildo horretako lehenengo esperientzia aurreratua martxan jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Oñatiko Udalekin batera. Esperientzia hau arrakastatsua balitz, beste eskualde batzuetara zabaldu nahi luke Aldundiak. 

Proiektuaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Unai Erroitzenea Mugikortasuneko eta Garraioetako zuzendariak, Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak, Ana Bolinaga Aretxabaletako alkateak eta Beñat Herce Eskoriatzako alkateak. 

“Eredu iraunkorragoa eta seguruagoa” bultzatuz 

Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek proba pilotu hau martxan jartzearen arrazoia azaldu du. “Gure gizartean geroz eta kezka handiagoa sortzen du ibilgailu motordunen erabilera masiboak, izan ere, horrek kalte asko eragiten ditu ingurumenean eta langileen osasunean eta segurtasunean: istripu asko, bihotzeko eta arnas aparatuko gaixotasun geroz eta gehiago, estresa, kutsadura atmosferiko eta akustiko handia, aldaketa klimatikoaren bizkortzea, lur publikoaren okupazio maila altua, gastu publiko ikaragarria, eta abar”, azaldu du Azkarragaurizarrek. Eta, horregatik, bestelako eredu iraunkorrago eta seguruago bat bultzatzearen alde azaldu da. 

Joan-etorri gehienak lanagatik egin beharrekoak dira 

Esan duenez,  Debagoienan eta Gipuzkoan, egunero sortzen diren joan-etorri gehienak (%36 inguru) lanak eraginda derrigor egin beharrekoak dira, eta horietatik %507,5 kmbaino laburragoak dira, eta beraz, oinez edo bizikletan egingarriak. “Hala ere, oraindik bizikletaz joan-etorri gutxi egiten dira (Aldundiak foru bidegorrietan egindako azken inkestaren arabera, txirrindulariek egindako bidaia guztien artean soilik %19 dira lanera joateko), eta beraz, hobetzeko eremu zabala dugu. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Zuzendaritzak eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatiko udalek uste dugu gaur egun motordun ibilgailuetan egiten diren joan-etorri asko oinez edo bizikletaz egin daitezkeela azken urteetan osatutako bidegorri sareari esker (herrietako sareei eta foru sareari esker). Langileak lanera oinez edo bizikletaz joatea lortuko bagenu, lehen aipatu ditugun kalte horiek modu eraginkor, osasuntsu eta ekonomikoan murriztea lortuko genuke”. Horregatik, proiektu pilotu honekin bat egin duten udalek deia egin diete herritarrei eta baita enpresei ere parte har dezaten eta mugikortasun iraunkorrago baten aldeko apustuan agente aktibo izan daitezen. 

Kanpainaren helburuak 

Unai Erroitzenea Mugikortasun eta Garraio zuzendariak proiektuaren xehetasunak eman ditu ondoren. “Motordun ibilgailurik gabeko mugikortasuna bultzatzeko azpiegiturak eta garraioa errazteko inguru fisikoak behar dira baina, horrez gain, ezinbestekoa da sustapena, informazioa eta hezkuntza areagotuko duten zerbitzuak eta programak bultzatzea. Programa horien bidez zuzenean eragin daiteke oinez eta bizikletaz bidaia gehiago egin daitezen, eta era horretan gaur egungo tasa txikia handitzeko”, azaldu du Erroitzeneak. Eta hain zuzen hori lortzeko kanpainak zein helburu izango dituen azaldu du Erroitzeneak: 

  • Hiri eta herrietako mugikortasunean dauden arazoen berri ematea herritarrei, eta zehazkiago, lantokietara joan-etorriek sortzen dituzten arazoen berri ematea, era horretan joan-etorrietarako eredu aktiboagoak erabili beharra azalduz.
  • Lantokietara joateko autoen eta motorren aurrean dauden aukera errealen berri ematea eta informazio zehatza zabaltzea. Horrek oinez edo bizikletaz joateko dauden azpiegiturak eta baliabideak ezagutaraztea eskatzen du, era horretan jendeak joan-etorriak bizikletaz egitearen inguruan izan ditzakeen kezkak eta beldurrak uxatuz.
  • Bizikletaren erabilerak dakartzan onurak pertsonalki probatzeko aukera ematea.


Informazio kanpaina eta aholkularitza zerbitzua 

Hau guztia lortzeko informazio kanpaina bat jarriko da martxan, telefonia eta telematika sistemen bidez aholkularitza eta babes zerbitzua eskainiko da, mugikortasuna laguntzeko sareak martxan jarriko dira eta abar. 

Sustapen proiektuaren aurrekontua 30.000 eurokoa izango da, BEZ barne. 

Unai Erroitzeneak azaldu du sustapen lanaz gain, Aldundiak eta Udalek enpresek lantokietan bizikletentzat aparkalekuak jarri ahal izateko laguntza lerroa ere martxan jarriko dutela. Erroitzeneak azaldu duenez, “kontzientziazio lana oso garrantzitsua da, baina erabiltzaileei eta enpresei azpiegitura egokiak eskaintzea ezinbestekoa da, eta horregatik prestatu dugu enpresek bizikleta aparkalekuak jartzeko laguntza lerro hau”. 

Hauek dira proiektuan parte hartzeko interesa agertu duten enpresetako batzuk: Auzo Lagun , Copreci, Chinchurreta, Elektra, Fagor Automation, Fagor Electronica, Jose Arana egoitza, LagunAro, LKS, S. Carrascal, Ternua eta Tête dela Course