Udal gobernuak Lan Eskaintza Publikoa onartu du, langile publikoen behin-behinekotasuna % 38tik % 8ra jaisteko
2024/06/11Udal gobernuak lan eskaintza publikoa egiteko proposamena onartu zuen egubakoitzean Tokiko Gobernu Batzordean; aurrez Udaleko Osoko Bilkurak lanpostuen zerrenda onartuta. Modu horretan, legea betetzen hasteaz gain, aukera emango du udalak dituen baliabide nagusiak “modu efikaz, eraginkor eta arrazionalean” antolatzeko. Kepa Urteaga Pertsonen batzordeburuak adierazi duenez, “langileen egonkortzea lege betebeharra izateaz gain, langileen eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko du, onuradun nagusia herritarra izanik”.
Hurrengo urratsa da Lan Eskaintza Publikoak deitzea
Behin lanpostuen zerrenda onartuta, lanpostuak egonkortzeko Lan Eskaintza Publikoak (LEP) deituko dira. Gobernuaren arabera, aurreikusi dute 35 lanpostu inguru egonkortzeko deialdia izatea, aurten onartu diren lanpostuekin, eta, 2021, 2022 eta 2023an onartu baina exekutatu ez diren lan eskaintzekin. Lan eskaintza publiko guztiak gehienez ere datozen 3 urteetan deitu beharko dira, nahiz eta gobernuak uste duen lehenago izango dela.
“Lanpostu horiek dagoeneko egon badaude udalean, existitzen dira, eta herritar guztiei eskaintzen zaien zerbitzuen parte dira. Lanpostuen zerrenda berriarekin eta deituko diren LEP berriekin, aurreikusten da behin-behinekotasuna % 38tik % 8ra jaistea. Agertoki berri horretara heltzeko, orain arte bezala, gogor egin beharko dugu lan. Izan ere, aurreikusi baino hilabete lehenago onartu da Lanpostuen Zerrenda berria, eta pozik gaude”.
2021etik zuzendu barik zeuden akatsak zuzendu dira
Arrasateko Udalak urtero onartzen du lanpostuen zerrenda egokitua, baina horiek, 2021 urtetik, akatsekin egon direla azaldu du Urteaga zinegotziak. “2021ean Eusko Jaurlaritzak hainbat akats hauteman zituen argitaratutako zerrendan, eta horiek zuzentzeko eskatu zion udalari. Ordutik hona Jaurlaritzak urtez urte egindako zuzenketa eskaera guztiak orain konpondu dira, Lanpostuen Zerrenda honetan. 3 urtez konpondu barik egon den arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta bete dugu”. Ildo horretan, urrats garrantzitsutzat jo dute Udalbatzarrak onartutako proposamena, eta LEP proposamena onartu izana.