LANBAI IV. enplegu azoka antolatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Arrasateko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak
2016/05/19Azken urteotako egoera ekonomiko latzaren ondorioz, langabeziak nabarmen egin du gora Arrasaten. 2016ko apirileko SEPEren datuen arabera, Arrasateko langabezia tasa %14,41koa da. Gauzak horrela, MONDRAGON UNIBERTSITATEAk orain bi urte dirala, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, antolatu dituen enplegu azokei jarraipena emango zaie aurten ere. Beraz, MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta udalak sinatutako elkarlan hitzarmenari esker 2016ko LANBAI IV, Enplegu eta Formazio Azoka ospatuko da ekainaren 9an Arrasaten. Azokak, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika departamentuaren Erakunde Autonomoa den Euskal Enplegu Zerbitzua, LANBIDEren babesa dauka. Era berean, azokaren osagarri izango diren ikastaro eta hitzaldien egitarauaren berri ere eman dute gaur prentsaurrekoan. MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektore Vicente Atxak eta Arrasateko alkate Maria Ubarrechenak sinatu dute gaur lankidetza-hitzarmena.
MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektore Vicente Atxak adierazi du ikasleak lan munduarekin harremanetan jartzea beren zeregin nagusietako bat izan dela azken urteetan, baina gaur egun bizi dugun egoera kontutan hartuta esfortzu berezi bat egin beharra dagoela nabarmendu du. Horregatik, aurtengoan ere, LANBAI IV Enplegu eta Formazio azoka antolatuko du MONDRAGON UNIBERTSITATEAk. Gainera, laugarren edizio honetan ere, hirugarren urtez, Arrasateko Udalaren eta Lanbideren laguntza jasoko dute antolatzaileek.
Udalaren lehentasunetako bat ere bada, eta izango da legealdi osoan zehar, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea, herritarrei, langabetu zein graduatu berriei, lan aukerak eskaintzeko. Horregatik, 2016ko aurrekontuetan Enplegua Sustatzeko Udal Planerako diru partida jaso zuen udalak, besteak beste, hainbat programa garatzeko, langabezia arazoari aurre egiteko eta LANBAI Enplegu Azoka, MONDRAGON UNIBERTSITATEArekin elkarlanean, burutzeko, lan bila ari diren herritarrei eta inguruko enpresei elkar hurbiltzeko aukera emateko. Azokaren bitartez lortu nahi da langabeei eta graduatu berriei lana bilatzeko prozesuak erraztea, formazio eskaintza espezializatua ezagutaraztea eta enpresa zein erakundeei pertsonal beharretarako izangai egokiekin kontaktua erraztea. Horretarako, bide desberdinak jorratuko dira; lana bilatzeko prozesuei lotutako tailer eta hitzaldiak eskaintzeaz gain, azokan bertan gune desberdinak egongo dira: lan poltsetan izena emateko gunea eta bekak, enpresa gunea, elkarrizketa gunea eta formazio gunea. Gauzak horrela, enpresek dituzten lan eskaintzak eta pertsonal beharrak partekatuko dituzte lan bila dabiltzan bisitariekin. Besteak beste, parte hartuko duten enpresa eta erakundeak ondorengoak dira: Adecco ETT, Aita Menni, Arteman, Catala Occidente, Danobat Group, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, IK4-Ikerlan, Ingeteam, Irizar edota Laboral Kutxa.
Egitarau zehatza
- Ekainak 6: tailer eta hitzaldiak
Marka pertsonala; nola etekina atera lan elkarizketa batetan zure konpetentziak eta enpresak behar dituenak azalduz. Kulturaten, Jokin Zaitegi gelan, 10:00etatik 13:00etara.
- Ekainak 7: tailer eta hitzaldiak
Curriculuma eta lan elkarrizketak. Kulturaten, Informatika gelan, 10:00etatik 13:00etara.
- Ekainak 8 tailer eta hitzaldiak
Hautaketa prozesuak. Kulturaraten, Jokin Zaitegi gelan, 15:00etatik 18:00etara.
- Ekainak 9: Lanbai enplegu azoka
Garaia Berrikuntza Gunea, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren 11, eraikinean, arratsaldeko 14:45:00etatik 19:00etara.
LANBAI IV Enplegu eta Formazio Azokari buruzko informazio guztia lanbai2016.mondragon.edu helbidean jaso daiteke. Bertan ere tailerretan izen emateko eta enpresekin elkarrizketak egiteko hitzorduak eskatzeko aukera dago (maiatzaren 26tik ekainaren 2arte. Enpresa bakoitzaren elkarrizketa kopurua mugatua da. Izena eman ahala, eskatutako profila betetzen dutenei esleituko zaizkie hitzorduak).