Lanbai Enplegu eta Formazio Azoka ekainaren 11n izango da aurten
2015/05/19Arrasateko Udalak 2015ean herrian lana mugitzen jarraituko du, iaz abiatutako Enplegua sustatzeko Planari jarraipena emanez. Iazko lau ildoak lantzen jarraituko du eta haietako bat da Mondragon Unibertsitatearekin batera antolatzen duen Lanbai Enplegu Azoka.
Aurten ekainaren 11n ospatuko da azoka eta, iaz bezalaxe, sarrera librea izango da etorri gura duten guztientzako: Lan poltsa eta orientazio gunea, Curriculumak uzteko egokitutako enpresa gunea eta lan elkarrizketak egiteko gunea izango dira, besteak beste.
Enplegu planaren lau ildoetako bat
Arrasateko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten iaz, Lanbai II. Enplegu azoka elkarrekin antolatzeko. Udalak aspalditik izan zuen asmoa enplegu azoka bat antolatzeko, eskualdeko enpresei eta lan bila dabiltzanei zuzenduta. Eta Unibertsitateak Lanbairen lehen edizioa antolatu zuenean begi onez jarraitu zuen. Arrasaten enplegua sustatzeko plan orokorra osotzerakoan nabarmendu zen berriz enplegu azokaren beharra.
Dagoeneko Mondragon Unibertsitateak pauso hori emana zuenez, elkarlanean aritzeko proposamena luzatu zion Udalak eta, aldi berean, Lanbairi Mondragon unibertsitateaz haratagoko dimentsioa emateko planteatu. Horixe izan zen, hain zuzen, iazko edizioaren berrikuntzetako bat.
Lanbai II. Enplegu azokan 800 pertsona inguru bildu ziren, eta aurten beste horrenbeste espero ditugu. Lanbai azoka ekainaren 11n izango da aurten, 15:00etatik 19:00etara, MUk Arrasateko Garaia berrikuntza gunean daukan eraikinean.
Tailerrak ekainaren 9an eta 10ean
Azokaren aurreko bi egunetan enpleguari lotutako hiru tailer eskainiko dira Kulturaten. Tailer hauek lan bilaketan pausoak erraztera begira daude antolatuta (Curriculuma, online irudia…):
-
Ekainak 9, asteartea, 10:00etatik 13:00etara: “Curriculumaren garrantzia lan bilaketa eraginkorra lortzeko”
-
Ekainak 9, asteartea, 17:00etatik 19:00etara: "Online reputazioa: Nolako itxura ematen ari naiz interneten?"
-
Ekainak 10, asteazkena, 09:00etatik 13:00 etara: "Konpetentzia pertsonalak. Lan merkatuan arrakasta izateko gakoa"
Sarrera irekia da, baina tailer bakoitzean 15 pertsonek parte hartu ahalko dute, eta horregatik izen ematea mugatua da. Izena emateko nahikoa da sazpilikueta@mondragon.edu helbidera idaztea, tailerraren izena jarriz. Plazak mugatuak direnez tailer denetan, izen emate ordena errespetatuko da plaza banaketarako.
Tailerrei buruzko informazio guztia eta izen ematea hemen.