Kurtzetxiki eremuaren garapen eta kudeaketa jasangarria bultzatzeko elkarlanean dihardute Udalak eta Larragain elkarteak

2020/03/04
Card image cap
Elkarteak helburu du Arrasateko ganaduzaleak Kurtzetxiki mendiko eta Arrasateko Udalaren jabetzako beste Larre Publikoak elkarlanean kudeatzea. Bide horretan, larrean ibiltzeko sistema erregulatua dago. 2020an 7 abeltzainek izango dute euren ganadua Kurtzetxikin.

Udalak ‘Bedoña auzoko Kurtzetxiki mendian kontserbaziorako eta ingurumen baliabideak sustatzeko proiektua’ garatzen dihardu, eta marko horren baitan, Larragain elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu berri du aurten ere.

Udal titulartasunekoa den mendiari dagokion proiektuaren helburua hirukoitza da: Mendiaren kontserbazioa eta ingurumen berreskurapena, lehen sektorearen sustapena, eta mendiak dituen baliabideak (ingurugirokoak, kulturalak eta paisajistakoak), aisialdi aktiboa eta bio-dibertsitatea sustatzea.

Udal eskumenekoa da udal ondarearen kudeaketa, kontserbazioa eta mantenua. Baita ingurumenaren babesa  eta garapen jasangarria sustatzea ere. Horiek hartzen ditu bere baitan, beste hainbaten artean, Udalak berriki Larragain elkartearekin sinatutako hitzarmenak.

Elkarteak helburu du Arrasateko ganaduzaleak Kurtzetxiki mendiko eta Arrasateko Udalaren jabetzako beste Larre Publikoak elkarlanean kudeatzea; baita, ganaduzaleak eta Udalak elkarlanean, Larre Publikoen Kudeaketa plana adostu, larreen hobekuntza bultzatu eta Arrasateko lehen sektorea indartzea. Hori gauzatzeko, Arrasateko Udalak 14.000 euroko diru-laguntza bideratuko du Larragain elkartera bere jarduerak finantzatzeko.

Bide horretan, larrean ibiltzeko sistema erregulatua dago. Arrasateko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin elkarlanean aztertu du zein den abelburu kopuru egokiena Kurtzetxikiko larreak modu jasangarrian aprobetxatzeko gehieneko kopurua hurrengoa litzateke: apirilaren 1etik urriaren 31ra 25-30 buru larri (behiak eta behorrak) eta azaroaren 1etik abenduaren 31ra 120 buruko artaldea.

2020an, Arrasateko 7 abeltzainek izango dute euren ganadua Kurtzetxikin: 29 behi/behor eta 63 ardiz osatua. Zehazki:

  • Sabino Llodiok apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behor.
  • Juan Jose Iturbek azaroaren 1etik abenduaren 31ra 63 ardi.
  • Aitor Murgoitiok apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi.
  • Aitor Aranak apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi.
  • Jesus Garaik apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi.
  • J.M. Plazaolak apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi/behor.
  • Maria Pilar Ibabek apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 4 behi.

Maria Ubarretxenak oso aberasgarritzat jo du administrazioaren eta herritarren arteko elkarlana: “abeltzainak eta Udala eskutik goaz udal larreen kudeaketaren alorrean hitzarmen honi esker. Lehen sektorea ezinbesteko agente da gure inguruaren zaintzan, gure mendien mantenuan.. Animaliek gure ingurua garbi mantentzen dute eta abeltzainek udal larreak erabiltzeko aukera dute hitzarmen hau medio. Ez hori bakarrik, lehen sektorea ekonomikoki garrantzitsu da, gure eguneroko jakien iturri, eta lehen sektore indartsu, berritzaile eta errentagarri izatera bideratu behar dugu, profesionaltasuna giltzarri duena eta berrikuntza erdigune. Bide horretan pausu bat gehiago da elkarlan hitzarmen hau”.