Arrasateko Udalak lehiaketa bat zabaldu du Kulturolako mendebaldeko fatxadan horma irudi bat egiteko
2021/05/14Kulturola eraikina da Arrasateko industria ondarearen ikono garrantzitsuenetarikoa, Unión Cerrajera lantegiaren sarrera nagusia izan baitzen urte askoan. Behin lantegiaren ateak itxita, baina, udalak eraikina errekuperatu gura izan du, kasu honetan, udal euskaltegia eta herriko eragileen jarduna bertan kokatzeko.
Helburu horri helduta, eraikinaren birgaitzea aurrera doa, eta udalak aurreikusten du obrak amaituta egotea 2021eko azken hiruhilekorako eta eragileak lekuz aldatzea 2022ko lehen hiruhilekorako.
Denbora tarte horretan, baina, eraikinaren itxura-berritze lanen baitan, Arrasateko Udalak, birgaitze proiektuari jarraikiz, lehiaketa bat jarri du abian eraikineko mendebaldeko fatxadan horma irudi edo mural bat margotzeko.
Gauzak horrela, horma irudiaren gai nagusia izango da Arrasateko industria, hain zuzen, herriko industria tradizioaren eta jardueraren testigantza jasotzeko. Ildo beretik, lehiaketaren helburua da, baita ere, Kulturola kultura lotzea lantegi baten ideiarekin eta artearen zein sorkuntzaren zabalkundean eragitea.
Lehiaketan parte hartu ahal izango dute adin nagusiko artista norbanakoek zein taldeek. Lehiakide bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du, eta taldeen kasuan, kideek ezingo dute aurkeztu beste proposamenik banaka. Horma irudia egiteko, gehieneko aurrekontua, halaber, 5.000 eurokoa izango da, eta kopuru horren barruan jasoko dira produkzio gastu guztiak, hala nola muntaia, makineria, materiala…
Interesdunek ekainaren 12ra arte izango dute aukera beren proposamenak aurkezteko. Diseinuak aurkeztu beharko dira Arrasateko udaletxean bertan edo BAZen.
Hona hemen ezinbesteko baldintzak lehiaketara aurkezteko:
- Horma irudiaren diseinua egokitzea lehiaketako oinarrietan zehaztutako kokalekura eta neurrietara.
- Denboran iraungo duten materialak erabiltzea (horma irudia kanpoaldean kokatuko da eta).
- Aurkeztutako lana izatea originala eta argitaratu gabea.
- Aurkezten diren norbanakoek edo taldeek gaitasun eta kaudimen teknikoa izatea horma irudia egiteko.
Azken hitza arrasatearren esku
Lehiaketa hiru fase nagusitan banatuko da. Lehen fasean proposamenak aurkeztuko dira, eta behin guztiak jasota, bigarren fasean, lehiaketako epaimahaiak hiru diseinu finalista aukeratuko ditu.
Proiektu horiekin zein gainerako guztiekin erakusketa bat egingo da Kulturaten uztailaren 2tik 10era bitartean, eta denbora tarte horretan, 16 urtetik gorako arrasatearrek hiru diseinu finalisten artean gustukoena bozkatu ahal izango dute, Kulturaten bertan zein webgunearen bitartez.
Lehiaketaren hirugarren eta azken fasean, halaber, arrasatearren azken hitzaren bidez, lehiaketaren irabazlea izendatuko da uztailaren 18an, eta horrek irailean egingo du horma irudia.
Lehiaketaren oinarriak eta haren inguruko informazio gehigarria eskuragarri dago udalaren webgunean.