Kulturola eraikinaren harira, “euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko” 186.440 eurotako diru laguntza jaso du Arrasatek

2018/03/02
Card image cap
Lanen exekuzioa 5.88 milioi eurotan aurreikusten da eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntzaz haratago, proiektua bideratzeko dagoeneko 3.359.472€ aurreztu dira

Kulturola egitasmoa legealdi osoan zehar aurrera eramango den ekimen garrantzitsuenetarikoa izanik, Arrasateko Udala, kulturaren aldeko apustuan, etengabe dabil Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola (Erlojuaren eraikina) birgaitu eta zaharberritzeko lanetan. Helburu nagusia da herri zein bailara mailan garrantzia handikoa izango den kultur eremua sortzea, bereziki, herritarrei eta kultur taldeei alor honetan aukera berriak eskaintzeko.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak “euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko” eskaintzen dituen diru-laguntza deialdira atxiki zen Udala joan den urteko urrian. Deialdi horren baitan Kulturola eraikina berriz erabiltzeko proiektua idazteko eta dagozkion obren zuzendaritza lanak egin eta proiektua exekutatzeko laguntza eskaera egin zuen Udalak.

Bide horretan eta ulertuta kultura indartzea dela Kulturola proiektu zein eraikinaren ardatz nagusia, aipatu eskaera onartu du Eusko Jaurlaritzak eta horri esker 186.440€ko diru laguntza jasoko du Arrasatek eraikinaren birgaitzea aurrera eramateko. Diru laguntza hori 2019a bitarte 3 zatitan banatuta jasoko du, urteko 62.146.67€, alegia. “Udal gobernuak kulturarekiko apustu irmoa egin du beti eta proiektu hau, legealdiko proiekturik garrantzitsuenetarikoa izanik, Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntza guztiz poztekoa da, bultzada garrantzitsua emango baitio ekimenari”,  azaldu dute Udaletik.

Ildo beretik, Kulturola eraikina birgaitzeko lanen exekuzioa 5.88 milioi eurotan aurreikusita dagoela adierazi du Udalak, nahiz eta obra esleitzean kopuru hori aldatu daitekeen. Halaber, Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntzaz haratago, zaharberritze proiektua bideratzeko dagoeneko 3.359.472€ aurreztuta dituela jakinarazi du Udalak, “Kulturolaren bitartez Udalaren helburu nagusia baita kultur alorrean herritarrei zein kultur taldeei aukera berriak eskaintzea”, amaitu dute Udaletik.